ESZENA

Irriziklo ekimenak barreak sakabanatuko ditu Iruñean

Martxoaren 6tik 20ra bitartean, Irriziklo ekimena egingo da Nafarroako Antzerki Eskolan. Guztira, umorezko hiru emanaldi atondu dituzte antolatzaileek.

Bihar bertan, martxoak 6, izango da lehen hitzordua La Piel Producciones taldeak egingo duen Askatu. Armairuko gogoetak izeneko saioarekin. Jaione Urtasun eta Txetxu Collado arituko dira Fermín Cariñenaren zuzendaritzapean honako hau kontatzeko: “Ricardo eta Vanesa leku bero eta bigun batean daude. Oso eroso sentitzen den jendez betetako leku hori. Eta zergatik ez gara irteten? Kanpoan txoriak aske ibiltzen omen dira hegan, eta ez da beharrezkoa errealitate-zati txiki batekin konformatzea.”
Askatasun sexualari eta identitateari buruzko lana da hori.

Martxoaren 13an, Anodino Teatroak Obsoletus pieza egingo du. Obsoletus komedia bat da, zehazki, “ustezko terroristei eta lokarturiko Gandhiei buruzko komedia politiko bat; euskal komedia bat da, lotsagabea eta ausarta. Antzezlan honetan, lan-gatazka bat eta botere-galera dira ardatz.”
Lanaren korapiloa honako hau da: “hainbat hilabeteren ondoren, fabrika ixtearen aurreko protesta jendetsua ahulduta dago; Ione eta Elias baino ez dira geratzen. Baina Txarliren etorrerak itxaropena ekarri du. Akordioak lortu ditu… baina baldintza batekin: berehala utzi behar dute protesta. Gaur egungo gizartean, borrokak badu zentzurik ala zaharkituta geratu da? Baliteke eguneratu gabe geratu dena moduak ez izatea. Beharbada, gauzak aldarrikatzea bera geratu da zaharkituta.”

Azkenik, martxoaren 20an, Txalo produkzioak taldeak Almazenean egingo du. David Desola idazle kataluniarraren komedia zorrotz eta garratz honek lan munduan pairatzen den esplotazioaz eta kapitalismoaz hausnarketa egiten du. Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga arituko dira Begoña Bilbaok zuzendutako Almazenean lanean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button