LITERATURA

Irlandara bidaiatu da oraingoan "Erlea"

Gaur goizean burutu duten aurkezpen-ekitaldian Bernardo Atxaga idazle eta Erlea aldizkariaren zuzendaria eta Andres Urrutia euskaltzainburuak parte hartu dute.

Atxagak hausnarketa batekin hasi du bere agerraldia: "Gero eta nabarmenagoa da euskal kultura barruko kalan gelditzen ari dela, minimoetan. Esaterako, haurrentzako antzerki, ipuin eta zerbitzu kulturaletan. Barruko kala horretan geldituta, minimoen kulturan, ez dugu aurrera egingo, apustu eta helburu zailik gabe". Horren aurrean Erlea-ren aldeko apustua egin du Euskaltzaindiak eta Pamielak, "goi mailako produktua".

Jarraian, eta argitalpenaren edukiei erreparatuz, esan du oraingoan ere Erlea-k kanporako bidaia egin duela, Irlandara hain zuzen. Ale berriaren "atmosfera nagusia" Irlanda dela nabarmendu du. Hala ere, Atxagak ez du atmosfera monografiko bat egin nahi izan, Irlandako kazetari eta idazleekin harremanetan jarri da, hala nola, Scamus Heaney poeta eta Nobel saria eta Paddy Woodworth kazetari eta idazlea, poema eta testu bilduma egiteko. Bilduma horretan poemak nagusi diren arren, hainbat lan kanpoan gelditu dira euren luzera dela eta, tartean, "ipuin eder bat eta antzerki lanak".

Gainontzeko atalei dagokienez, "ezarrita daudela eta jendea pozik sartzen da", esan du. Erlea-k euskal idazle guztien ahotsa izan nahi duela berretsi du, "ahots ezberdinak aukeratu ditut, ez dut koru bat nahi, algarabia antzeko bat nahiago dut". Hala, poesian Pako Aristi, Beñat Sarasola eta Patxi Ezkiaga aipatu ditu aniztasun horren erakusle. Urrezko liburutegia izeneko atala ere aipatu du, bertan idazleek ezinbestekoak dituzten obrak aukeratzen dituzte, "100 dauzkagunean zerbait berezia egin beharko dugu", esan du. Ale honetan, esaterako, Iban Zalduak Altxor Uhartea aukeratu du.

Elkarrizketen atalak ere garrantzi gehiago hartu du. Hala, ale honetan Marino Lejarretak bere objektu kutunez aritu da, eta Miel A. Elustondok Junes Xuburu, azken zuberotar kantaria elkarrizketatu du. Idazle diren bertsolariekin izandako solasaldiak ere irakur daitezke. Aipatu behar da aldizkariaren azala Zumetarena dela. Azkenik, gaur19:30ean lagun arteko aurkezpen egingo dute Bilboko Kafe Antzokian.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button