IKUS-ENTZUN

Irailera bitartean makina bat film “Klasikoak” programari esker

Gasteizen, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Donibane Lohitzunen emango dira Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak ondu duten Klasikoak programaren filmak. Guztira  50 film eta 120 emanaldi baino gehiago eskainiko dira, klasiko zaharrak zein modernoak.

Ekainera bitartean, Euskadiko Filmategiak Lumière Saioak izenburupean antolatu ditu emanaldiok, eta horretaz gainera, beste bi ziklo izango dira irailean, Donostia Zinemaldiaren esparruan. Alde batetik, aurten polizia-generoari eskainitako atzera begirakoa, Italia biolentoa. Polizia-zinema italiarra izenekoa. Eta, bestetik, Donostia Zinemaldian emango diren Klasikoak saioak.

Datorren apirilaren 5ean, Tabakaleran zikloa abiaraziko duen filma Modern Times  izango da. Charles Chaplinen lan gailenetako bat da, eta haren azken film mutua, Boloniako Zinematekak zaharberritu duena.
Ikusgai izango dira, halaber, Peeping Tom (Michael Powell, 1960); Cross of Iron (Sam Peckinpah, 1977) eta The Apartment (Billy Wilder, 1960).
Proposamen berrien artean Les ordres (Michel Brault, 1974) dago, Quebeceko Zinematekak berriki zaharberritu duen filma.
Suitzako Zinematekak L’inconnu de Shandigor (Jean-Louis Roy, 1967) aurkeztuko du, eta Lumière Institutuak, bestalde, Adieu, Chérie (Raymond Bernard, 1946) ekarriko du.
Euskadiko Filmategiak Classe tous risques (Claude Sautet, 1960) berreskuratuko du.

Eta Klasikoak zikloan emango dira, orobat, Koibumi (Kinuyo Tanaka, 1953), 1954an Cannesen lehiatu zena; Sur (Fernando E. Solanas, 1988); eta Not a Pretty Picture (Martha Coolidge, 1976)

Eta esan dugun moduan, irailean, Donostia Zinemaldiaren 72. edizioaren barruan, Istituto Italiano di Culturarekin lankidetzan, Italia biolentoa. Polizia-zinema italiarra zikloa ikusi ahal izango da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button