MUSIKA

Artista handien kontzertu txikiak Bermeo, Gasteiz eta Donostian

Bermeoko Beleza Malandra Ateneo Kulturalak, Gasteizko Ibu Hots aretoak eta Donostiako Le Bukowsiki musika klubean, kontzertu zirkuitua eratu dute elkarlanean. Lankidetza egitasmoa Altsessions izenarekin aurkeztu dute eta formatu txikiko emanaldia egitea du xede, “ideia argia da, ikus-entzuleen eta artistaren arteko energia aktibatzea”.

Hiru lokalek hainbat estilo, jatorri eta joeratako taldeen zuzenekoak eskaini nahi dituzte. Hala, urrian atzerriko lau talde igaroko dira aipaturiko hiru lokal horietatik. Gaur bertan, urriak 15, Donostiako Le Bukowskin AEBetako Atlanta hiriko Subsonics garage-rock taldeak joko du. Hirukotearen jarioan 13th Floor Elevators, T.Rex, edo The Cramps banden eraginak suma daitezke. Bihar, halaber, Bermeoko Beleza Malandran izango da hirukote estatubatuarra; adi sarrerekin lokal horretan 70 pertsona baino ez baitira sartzen.

Gasteizko Ibu Hotsen, berriz, Mueran Humanos bikoteak joko du urriaren 25ean. Berlinen bizi diren Carmen Burguess eta Tomás Nochteff argentinarren egitasmoa da hau. Abangoardiako artearen esparrutik datozen musikariak dira eta euren doinuetan esperimentazioa eta inprobisazioa nahasten dira. Euren eraginen artean Suicide edo Throbbing Gristle daude.

Urriaren 26an, Altsessions Bermeora bueltatuko da Justin eta Beth Taré senar-emazteen eskutik. Biek Hey Lover taldea osatzen dute. Bikoteak pop melodiekin jantzitako garage-punk doinuak egiten ditu.

Amaitzeko, urriaren 30ean, Mister Quintron & Miss Pussycat estatubatuarrak Ibu Hotsen izango dira. Quintron musikari ezaguna da garage-punk eszenan. One Man Band formatuan, New Orleanseko Quintronek teklatuak jotzen ditu, Miss Pussycatek korista lana egin ez ezik, show koloretsuak ere aurkezten ditu. Ondoko bideoan Bermeora eginiko azken bisitaldian emandako kontzertua ikus eta entzun daiteke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button