MUSIKA

Mikel Urdangarinen bakarkako bidaia

Bere gitarrari helduta, atzo agertu zen Mikel Urdangarin hedabideen aurrean esku artean duen proiektu berriaren inguruko zehetasunak emateko.

Eta ez da erronka makala musikari bizkaitarrak bere buruari jarri diona. Hainbat kontzertu emango ditu, otsailean hasita, eta maiatzera bitartean, baina kasu honetan, atzo agertu zen bezala, gitarrari helduta, bestelako musikari lagun barik, berak bakarrik, gitarra eta ahotsa.

Eta erronka ez da hor amaituko. Kontzertutik kontzertura kanta berriak idatzi eta kantatu egingo ditu, behin guztiak bilduta, disko berri bat ateratzeko asmoz. “ Musika badut konposaturik, joan den urte osoan ibili nintzen horretan. Gero kontzertu guztiak grabatuko ditugu eta kantarik interesgarrienek, osatuenek borobilduko dute lan berria, baina lan hau lasai egin nahi dut, inolako presiorik gabe. Gauzak ez badira nahi ditudan bezala ateratzen, bada, proiektua datorren urterako utziko dugu”, adierazi zuen kantariak.

Kontzertuetan, kanta berriak eta zaharrak tartekatuko ditu. Atzoko prentsaurrekoan bere ustez idatzi zuen lehen kanta eta argitaratu duen azkena kantatu zituen zuzeneko txiki batean, “eta bi kanta hauen artean 17 urte daude” esan zuen, “bizitza musikal bat”.

“Asmo berri honetan kantak zelan sortzen diren azaldu nahi dut. Ideia betidanik izan dut buruan, baina beste proiektu asko etorri dira segidan eta ezin izan diot eutsi. Orain da unea, eta horregatik deitu diot : Mikel Urdangarin 2015”.

Otsailaren  8an izango da 2015 izeneko bira horretako lehenengo kontzertua, Getxon, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Gero Heleta, Irun, Lizarra, Zumaia, Durango, Donostia, Madrid , Alegria, Irurtzun, Lodosa, Tolosa, eta bar etorriko dira. Azkena Ansoainen izango da, maiatzaren 15ean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button