BESTELAKOAK

Ingurumenari buruzko kontzientziazioa eta ozeanoen babesa

Ekainaren 5etik 11ra, Bilboko Itsasmuseumek, Nakusarbe Elkartearekin lankidetzan, Basque Environment and Ocean Week (BEOW 2023) ekimenaren bigarren edizioa antolatu du. Bertan,  ingurumenari eta ozeanoei buruzko aurrerapen zientifikoak hurbildu nahi zaizkie herritarrei. Diogun bezala, aste honetan izango da, izan ere, Ingurumenaren Munduko Eguna ekainaren 5ean da, eta Ozeanoen Munduko Eguna, 8an. Gaur berton, Joshua Edelman musikariak Jazz for life planetaren aldeko kontzertua eskainiko du, ikus-entzunezkoak, ahotsa eta poesia lagun dituela.

Ekimenaren barruan makina bat kontu antolatu dira, tartean, hitzaldiak, eta hala, jardunaldi bereziak ere izango dira ikerketa zientifikoaren, ingurumenaren kontzientziazioaren eta ozeanoen babesean ibilbide luzea duten adituen eta eragileen eskutik.

Familientzako planak ere antolatuko dira, eta horretarako, larunbatean goizez CIMASUB-eko Txikiziklo-an, familian gozatzeko Itsaso Maitea jarduera eskainiko da. Gainera asteburuan Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa, CIMASUB izango da. Jaialdi horrek publiko guztientzako film eta dokumentalak dakartza, beti ere, itsas hondoa ezagutarazteko eta hura errespetatzeko beharra transmititzeko helburuz.

Erakusketa bat ere ez da faltako, eta hala, Itsas BiodibertsitARTEAn erakusketa ikusi ahalko da, EHUko Arte Ederretako ikasleek sortutako lanekin eta planetaren egungo egoera irudikatzen duen José Ángel Lasa eskultorearen formatu handiko obra batekin.

Eta azkenik, ekainaren 8an, EHUren Zientzia-itsasoa izena duten sariak banatuko dira, eta amaitzeko, Earth Song Projects rock-koroak Ozeanoen aldeko kontzertua eskainiko du.

Jakingarri guztiak Bilboko Itsasmuseumek dauka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button