
Tere Ormazabal eta Esperanza Yunta artistek Bilboko itsasadarreko zubiak izeneko erakusketa paratu dute Bilboko Itsasmuseumen, gure ingurunean eta irudimenean hain presente dauden ingeniaritza-lan horiek ikuspegi artistikotik berraurkitzeko gonbitarekin. Erakusketa maiatzaren 1era arte egongo da zabalik
Esperanza Yuntaren pinturak eta collageak, eta Tere Ormazabalen argazkiek osatzen dute bi begirada planteatzen dituen erakusketa, non Itsasadarraren ingurua eta bere hamar zubiak (San Anton, Udaletxeko zubia, Areatzako zubia, Zubi Zuri, La Salve, Pedro Arrupe Pasarela, Deustu, Euskalduna, Rontegi eta Bizkaia Zubia) ikusteko bi modu ere agertzen dituzten. Itsasmuseumek jakinarazi duenez, “Esperanza Yuntak itsasadarrean aurkitutako elementuak erabiltzen ditu bere obrak sortzeko, burdin edo egur zati txikiak, besteak beste, artistikoki jarrita Bilboren iragan industrialera igortzen duten sorkuntza original eta bakarrei forma emateko balio dutenak. Lan konplexua da, tekniken eta materialen ikerketa bizi baten emaitza, prozesu sofistikatu batean amaitzen dena. (…) Bestalde, Tere Ormazabalek zuri-beltzeko eta koloretako 50 artelan inguru erakusten ditu, non, lehen aldiz, arkitekturaren gaia puru-puruan jorratzen duen ikuspegi artistikoa eskainiz.”
Bi artistek bi lan oso pertsonal osatu dute, Bilboko itsasadarrean eta haien jatorrian barrena egindako bidaia balitz bezala, industrializaziotik hasi eta gaur egunera arte.



