
PLV Havoc musikari donostiarrak bere herrikide La Buena Vida taldearen kantuak moldatuko ditu gaur, azaroak 21, Bilboko Campos Elíseos Antzokiaren Cupula Aretoan, 20:00etan. Emanaldia Izan & Star egitarauaren baitan dago.
Ziklo horretan, “euskal artistek, euren abesti sortaz gain, kutsu pertsonalez bustitako garai guztietako abestiak eskaintzen dizkigute”. Hala, musikari donostiarrak Ogro y púgil izenburuko lan berriko doinuak ere aurkeztuko ditu Bilbon; gaztelaniaz argitaratzen duen lehendabiziko lana da (aurretik ingelesez abestutako beste bi argitaratu zituen). Horretarako, Nacho Vegas musikari asturiarrarekin aritu da elkarlanean.
PLV Havoc ondoko musikariekin arituko da agertokian: Yon Bidaur, gitarra (AMA, Giorgio Bassmatti); Asier Bidaur, baxua; Aritz Zabaleta, pianoa (Thee Brandy Hips); eta, azkenik, Andoni Etxebeste, bateria (Supersweet).
La Buena Vida pop bandari dagokionez, 80ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran Donosti Sound izenarekin ezagutu zen soinuaren ordezkari izan zen.
Informazio gehiago: teatrocampos.com.