ESZENA

“Cafe Bar Bilbao” Teatro Laburreko Gidoi Sariak

Cafe Bar Bilbao antolatzen dituen sari hauen X. edizioan Iñaki Odriozolak, filosofia irakasleak, eskuratu du saria euskarazko arloan, eta Juan Aguirre kazetariak, berriz, gaztelaniazkoan. Sariak 1.400 euro euskarazko testu irabazlearentzat eta 1.200 euro gaztelaniazkoarentzat izan dira. Atzo Mikel Martinezek, sari hauen sustatzaileak, sariak banatu zituen.

Diogun bezala, euskarazko arloan, Iñaki Odriozolaren Azken ordua izeneko antzezlana izan da onena epaimahaikideentzat. Azken Ordua antzezlana bakarrizketa dramatikoa da, eta idazleak berak adierazten duenez, kutsu Shakespearianoa du eta gaur egun egiten ari dena ikusita, agian, pixka bat modaz kanpokoa. Bizitzaren oinarrizko kontraesanei buruzko hausnarketa egiten du obra honen pertsonaiak: bizitza/heriotza, maitasuna/gorrotoa, boterea/menpekotasuna,…. Bestalde, gaur egungo gizabanakoaren mentalitatetik urrunduz, giza taldearen ikuspuntu ez pertsonalista bat lantzen saiatu dela aitortzen du egileak.

Gaztelaniazko arloan, Juan Aguirre Sorondoren Pienso, pero no existo (¡Y qué se le va a hacer!) izeneko lanarekin suertatu da irabazle. Donostian jaiotakoa den egile hau euskal kultur gaietan espezializatutako kazetaria da. Lan hau komeria ilustratua da eta bi pertsonaiaren arteko topaketa alegiazko bat (baina ez ezinezkoa) du ardatz. Alde batetik, Joseph-Ignace Guillotin, medikua, humanista eta politikoa, gillotinari izena eman ziona, eta bestetik Charles-Henry Sanson, Frantziako Iraultzan zehar izaniko borreroa, hiltzera dedikatutako funtzionario leinu luze baten oinordekoa. Antzezlanaren egilearen arabera, “lan labur honek esan nahi du Arrazoia lotara ez doanean, eta gaupasa egiten duenean munstroak sortzen dituela. Eta begira zer beldurgarria izan daitekeen”.

Hurrengo hitzordua idazle bi hauen antzezlanen irakurketa dramatizatua izango da. Irakurketa dramatizatuak, datorren urtarrilaren 31n, ostegunarekin, 19:30ean izango dira Bilboko Bidebarrieta Kulturgunearen aretoan.

Testu biak tabernaren webgunean zintzilik daude antzerkizale guztien eskura: www.bilbaocafebar.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button