
Bilboko Hika Ateneoan egin ohi den Fuzz in the City jaialdia martxoaren 31n eta apirilaren 1ean egingo da. Aurten, sei taldek joko dute bi egun horietan: Nor Man (Euskal Herria), The Smoggers (Sevilla), Los infartos (Italia), VivaBazooka (Euskal Herria), The Shook ups (Britainia Handia) eta The Scumbugs (Norvegia).
Martxoaren 31n, ostirala, Nor Man eibartarrek joko dute. Oraintsu, Dorleak izenburuko lan berria argitaratu dute. Egun berean, The Smoggers (Sevilla) eta Los infartos (Italia) arituko dira. Sevillarrak 1960ko hamarkadan ainguratutako garage-rocka jotzen dute. Iaz single bat plazaratu zuten The Satelliters taldearekin erdibana.
Apirilaren 1ean, larunbata, Viva Bazooka bikote gasteiztar instrumentalak joko du. Arabarrekin batera, The Shook ups garage-rock talde britainiarrak eta The Scumbugs laukote norvegiarrak joko dute. The Scumbugs zomorro mozorrotuta jotzen duen garage-rock laukote parrandazalea da.
Antolatzaileek iragarri dute laster nobedade gehiago zabalduko dituztela.