LITERATURA

Idazlea itzultzaileen lantegian

EIZIE elkarteak literatur itzulpen lantegi bat antolatu du urtero 2004 urteaz geroztik, euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko ahaleginean.

Ekintza aberasgarri horren bitartez, zenbait helburu lortzen dira, hala nola literatur itzulpengintza eta itzultzaileen lana sustatzea, euskal literatura atzerrian ezagutarazten laguntzea, sorburu hizkuntza euskara duten literatur itzultzaileen zerrenda osatzea.
Aurtengo edizioan, lehen aldiz antzerkia hautatu dute genero modura, eta Arantxa Iturbe eta Agurtzane Intxaurraga autoreen obra bat aztertuko da lantegian, euskarazko zein gaztelaniazko bertsioetan saritua: Aitarekin bidaian.

Itziar Otegik koordinaturik, antzerki obraren pasarte batzuk itzuli eta eztabaidatuko dute autoreek eta lau itzultzailek, hiru egunez. Bestalde, Julia Marinek antzerkiaren itzulpenaren berezitasunez jardungo du. Testua aldez aurretik prestatuta ekarriko dute itzultzaileek, ohi denez, eta lantegian bakoitzaren erabakiak arrazoitzen jardungo dute. Han izango dute idazlea, bestalde, hala zalantzak argitzeko nola testuaren inguruko argibideak emateko.

Horrez gain, langai dituzten hizkuntzen eta kulturen berezitasunak eta itzulpen prozesuan agertzen diren kontuak partekatzeko aukera izaten dute: ñabardurak, itzulpen zailtasunak, interpretazioak, kultur hitzen itzulpena, etab.

Aurtengo lantegian, itzultzaile hauek parte hartuko dute: Diana Draper (ingelesa), Monika Czerny (poloniera), David Lindemann (alemana), eta Ainara Munt (katalana).
Mintegiaren azken egunean, parte hartzaileek esperientziaren berri emango dute mahai-inguru batean, baina errezitaldia izango da hurrena: Aitarekin bidaian antzezlanaren zenbait pasarte sei hizkuntzatan entzungo dira, Jabier Muguruzak musikaz lagundurik.

Ekitaldia irailaren 29an izango da, 19:00etan, Gasteizko Europa Jauregian. Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna 2011, irailaren 30ean izango da eta lantegiaren amaiera ekitaldia egun hori ospatuko dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button