LITERATURA

Literatura Unibertsala Saila, gero eta mardulagoa

Gaur, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, Literatura Unibertsala Saila osatzera datozen hainbat titulu berri aurkeztu ditu Erein argitaletxeak.

Hermann Hesse idazlearen Siddhartha lan famatua irakurri ahal dugu euskaraz David Lindemann eta Irati Trebiño bikoteak eginiko itzulpenari esker. “Siddharthak bilatzen zuena edo azken helmuga aurkitu duena esan nahi du sanskritoz. Azken helmugara iristeko bidean, lagungarri izan daitezke irakaspenak, Buda edo Mesiasak, baina baita natura bera ere: Ibaia, naturaren pertsonifikazio gisa.”

Gerardo Markuletak bere aldetik, Françoise Saganen Tristezia, zer berri lana itzuli du. “Cécile, hamasei urteko neskatxa bat, Kosta Urdinera doa udako oporrak itsas ondoko etxe alokatu batean pasatzera, aitarekin eta haren maitalearekin. Aita, Raymond, alargun geratu zen 25 urterekin, eta harrezkero limurtzaile baten bizitza darama.”

Rebecca West-en Soldaduaren itzulera eta Marguerite Duras-en Samina dira beste titulu berri bi. Lehena Maialen Berasategik itzuli du, eta bertan hauxe kontatzen digu: Christopher Baldry-k azken hamabost urteetako oroitzapen oro galdu du.Familia-gizon heldu adeitsu hura 21 urteko gazte alai buruarin bihurtu da. Eta okerrena ez da hori: tematua dago duela hamabost urte maite izan zuen neska hura maite duela oraindik”.

Bigarrena, Xabier Artola Zubillagak itzulita dago, eta bestelako istorio bat agertzen da: “Paris, alemanek okupatuta dago. Robert eta Marguerite Erresistentzian ibiliak dira. Robert, 1944an, segada batean erori eta Alemaniara deportatu zuten, kontzentrazio esparru batera. Liburuari izenburua ematen dion istorio nagusian Roberten itxarote larrigarria kontatzen zaigu”.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak, EIZIE elkarteak eta Erein eta Igela argitaletxeek argitaratzen dituzte Literatura Unibertsala saileko lanak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button