IKUS-ENTZUN

Euskal filmak protagonistak, Frankfurten

Frankfurteko Film Museum aretoan, eta hil osoan zehar, euskal zinemagintzaren filmik esanguratsuenetako batzuk ikusi ahalko dira. Guztira 8 euskal film pantailaratuko dituzte Frankfurten, Etxepare Euskal Institutua eta Alemaniako Zinema Institutuaren elkarlanari esker.

Etxepare Euskal Institutuaren webgunean irakur daitekeenaren arabera, astean euskal pelikula bat proiektatuko dute eta lau saio bikoitz izango dira.
Zinema ziklo horren barruan ikusiko diren filmak honakoak dituzue: Ama Lur (Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquert, 1968) eta Operación H (Nestor Basterretxea, 1963);  27 horas (Montxo Armendariz, 1986), Beti bezperako koplak (Agenda Kopla Taldea, 2016); Vacas (Julio Medem, 1992); Emak Bakia Baita (Oscar Alegria, 2012), Emak Bakia (Man Ray, 1926); Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga) eta Gure hormek (Las chicas del Pasaik, 2016). Frankfurteko Goethe unibertsitateko euskara eta euskal kultura irakurle den Lourdes Izagirre, Film Museumeko Petra Palmerrekin batera arduratu da programa koordinatzeaz.

Alemaniako Zinema Institutuak kudeatzen duen Frankfurteko Film Museum delakoan  programa bereziak antolatzen dituzte zinemagile, aktore eta lurralde ezberdinen inguruan. Hori dela eta uztaileko programazioan euskal filmen zikloa programatu dute, “euskal zinemagintza hirian ezagutzera eman eta zabaltzeko asmoz”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button