LITERATURA

Hitzak josiz etxea osatzeko

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria idazleak Jostorratza eta haria  (Alberdania) eleberria plazaratu du. Liburuak Iratxe Retolazaren hitzaurrea eta Ainara Azpiazuren ilustrazioak dakartza.

Autorea lan berria deskribatzerakoan,  luze eta zabal aritu da honako lerro eder hauen bidez: “Liburu bat darabilt esku artean, Lola López Mondéjar idazlearen Sin Relato-Atrofia de la capacidad narrativa y crisis de la subjetividad izenekoa. Bizi dugun garaiaz mintzo zaigu, arreta-ezaz, pentsamenduari hitza jartzeko gaitasun-arazoaz, pentsamenduaren beraren edota irudimenaren galeraz eta ondoriozko errepresentazio-gaitasunaren makaltzeaz. Kontrapuntu gisa, geure burua kontatzearen balioaz mintzo zaigu, narratzeak testuingurutara garamatzalako, pertsonaiak osatzera, haien nahietan arakatzera, gertaera garrantzitsuen zergatiak, loturak eta tasunak deskribatzera, ekintzen aurrekariak eta ondorioak kontuan hartzera; identitatea ez baita zerbait aldaezina, baizik eta geure buruari kontatzen dizkiogun edota besteek kontatzen dizkiguten kontakizunen bidez eraikitako esperientzia-sarea. Egileak pentsatzeko eta hausnartzeko denbora eta energia aldarrikatzen ditu eta, irakurketa-taldeen antzeko solas-guneak txalotzeaz batera, haien egungo izaera iraultzea aupatzen du.
Goitik behera azpimarratu dudan liburua ez da aspaldikoa, 2024ko Anagrama entsegu- saria lortu baitzuen. Aitzitik, duela hogeita hamar urte ideatu eta idatzi nuen Jostorra eta haria liburuaren azpiko nahiekin bat dator, erabat.  Galdera batekin abiatzen nuen lana. Zer gara? Berez gurekin datorrena ala bizitzan zehar egiten goazena? Bien nahastea, agian? Bi galdera horien inguruan dabil liburua.
Zein da muina? Ama batek jaiotzear dagoen alabarentzat kontaturiko istorio-historia. Istorioa zergatik? Oinarri errealetik abiaturiko fikzioa delako. Historia zergatik? Galbahe pertsonalez osatua egon arren, Jostorratza eta hariak, Historiaurretik abiatuta, batez ere XX. mendeari ematen diolako bira.
Josteko gidaliburu baten modura egituratuta dago eta jostearen inguruko hitzek blaitzen dute esana. Zenbait ahotsek, berriz, josten dute edukia. Alde batetik Ama, Amama eta Amona dauzkagu eta bestetik liburuaren sei atalak denboran txirikordatzen dituen narratzailea. Historiaurretik XX. mende hasierara doan tartean, ahozko literaturatik gertu dauden kontuek hartzen dute protagonismoa, beti ere, aipaturiko ahots nagusien ahotik eta nork bere soinekoak joste-idaztearen aldeko joko pean. Euskalkiak eta hizkera desberdinak erabiltzen dira pertsonaien jatorriak eta garaien ezaugarriak nabarmentzeko. Gainerakoan, jostearen inguruko tresnek mozorrotzen dituzte aldian aldiko gertaerak. Aldiro-aldiro itxuraldatuta agertzen den larru, oihal edota soineko beltzak, berriz, aldi zaharren bukaera eta berrien hasiera markatzen ditu”.

1997 Irun Saria jaso zuen Jostorratza eta haria izeneko honekin, berriz, berretsi baino ez du egiten orduan esandako hura: “hitzak josiz noa osatzen nire etxea”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button