LITERATURA

Hitza da giltza

Hitza da giltza lelopean, irailaren 25, 26 eta 27an egingo da aurtengo Literaturia. Makina bat kontu antolatu dira, tartean, poesia eta haur eta gazte literatura landu dituen Leire Bilbao idazleari egingo zaion omenaldia. Igandean egingo zaio aitortza, Modelo aretoan, 12:00etan hasita. Horretaz gain, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak ere aipamen berezia jasoko du larunbatean.

Koronabirusak ezarritako protokoloei jarraiki makina bat kontu antolatu dituzte Literaturiako kideek. Hala, gaur berton, 20:00etan, Garazi Arrulak Manifestua irakurriko du. Geroago, Modelo baten bizitza sekretua antzerki-performancea egingo du Metrokoadroka kolektiboak.

Larunbatean, goizean liburu azokaren irekierarekin bat eginez, EIZIEri oroigarria emango zaio. Egun osoan liburu aurkezpenak izango dira Ahotsenearen eskutik. Arratsaldean Katixa Agirrek eta Maite Larburuk Kax-kax-kax! ikuskizuna egingo dute, eta musika jartzeko Pettik Manipulazio estrategiak diskoaren aurrestreinaldia egingo du.

Igandean, Leire Bilbaok Ateko zirrikitutik ipuin kontaketa egingo du eta gero omenaldia jasoko du. Eguerdi aldera, Miren Amuriza, Antton Olariaga eta Aitor Arregik mahai-ingurua egingo dute, eta arratsaldean, Letragintza: hitza musikaren giltza? izenburupean Anari eta Ruper Ordorika bilduko dira.

Jakingarri guztiak: Literaturia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button