EUSKARA XEDE

Herritarrak euskara erabiltzera animatzeko

Bilboko Udalak abian jarri du sentsibilizazio-kanpaina bat, herritarrak animatzearren euskara erabiltzera. Bilbon euskaraz leloarekin, ekimena herritar guztientzat da, baina, batez ere, euskaraz komunikatzeko gai direnentzat, euskara egin dezaten gonbidatzeko.

Kanpaina honekin, Udalaren nahia da euskara erabiltzeak dituen abantailak nabarmentzea eta hau gogoraraztea: “euskarak batu egiten du eta aberastu egiten gaitu”. Helburu horrekin, sormenak 4 igarkizun baliatzen ditu, erantzuna bat bera delarik kasu guztietan: euskara: Bilboko kaleetan gero eta gehiago entzuten da; Erabiliz gero, ate berriak zabalduko dituzu; Buruan, bihotzean eta batez ere ahoan du indarra; Bizirik mantendu dadin erabili eta gozatu egin behar da

Alde horretatik, bada, Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak hau nabarmendu du: “Kanpaina hau gonbidapen bat da, gogoeta egitera ez hainbeste euskara jakiteak baizik eta erabiltzeak dakartzan ondorio positiboen gainean, zeren eta hortxe daukagu desafiorik handiena Bilbo hiri geroz eta euskaldunagoa izan dadin: euskaraz dakienak…erabil dezala, hain zuzen”, eta, “horretarako, ardura handiko kontua da konturatu gaitezen euskara hitz egiteak dakartzan ondorio positiboekin, eta ardura handiko kontua da euskara gure eguneroko bizimoduko parte izan dadila, naturaltasunez”, gehitu du.

Narbaizak, gainera, hau nabarmendu du: “Guztion ahalegina behar dugu gure nortasunaren kultur osagairik handienetakoak bizirik iraun dezan, alegia, euskarak.”

Datozen asteetan egongo da ikusgai kanpaina, publizitaterako hiri-altzariterian eta urian horretarako dauden kanpoaldeko beste osagai batzuetan. Horrez gain, sormenez diseinatutako kartelak Udalaren beste eremu batzuetan ere banatuko dira, hala nola Barrutietako udaltegietan eta kiroldegietan.

Bilboko Udalak 700.000 euro jarriko ditu aurten euskara ikasteko diru-laguntzen programarako. Honako hauek jaso ahalko dituzte laguntzok: gurasoek, aisialdiko begiraleek, haur eta gazteen kiroletako begiraleek eta deialdian jarritako muga gainditzen ez duten diru-sarrerak dituzten familia-unitateetako kideek.

Deialdiaren helburua da euskararen erabilera sustatzea haur eta gazteen arteko hizkuntza-transmisioan eragin handiena daukaten kolektiboetan, eta euskara izan dadila komunikazio-hizkuntza bilbotarren eguneroko ekintzetan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button