MUSIKA

Amorante, Perlak eta Ruper Ordorika, Kalegorrian jaialdian

Urretxuko Santa Barbara auzoan egin ohi den Kalegorrian jaialdian parte hartuko duten artisten zerrenda iragarri dute; ekaineko hiru asteburutan askotariko zazpi artista izango dira oholtzan. Jaialdiaren kartel iradokitzailea, berriz, Ane Miren Ormazabalek egin du.

Bada, ekainaren 14an, bi bakarlari arituko dira agertokian: Amorante eta Cabezafuego. Iban Urizar ibilbide luzeko musikaria dago Amoranteren atzean. Egitasmo horretan ahotsa, gitarra, harmoniuma, perkusioa eta tronpeta uztartzen ditu, estiloen fusioa gauzatzeko. Cabezafuegok, berriz, bere bakarkako lehen diskoa aurkeztuko du, Camina conmigo.

Bigarren asteburuan, ekainak 20, after-punk, post-hardcore eta antzeko doinu ilunak haizatuko dituzte hiru taldek: Hi Exekutibo, Perlak eta Piztiak. Azken horiek, gainera, U izenburuko grabazio berrian bildutako kantuak joko dituzte.

Azkenik, ekainaren 27an, folk, pop eta rock doinuak nagusituko dira: Ruper Ordorika eta Morau ta Beñardo. Bikoteak Arrainentzako Himnoak diskoa aurkeztuko du, eta Ruperrek, berriz, Lurrean Etzanda lana.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button