
San Telmo Museoan, Atzokoak gaur. Lanbide tradizionalak programaren barruan, euskal soinu-tresna tradizionalen egileak hartuko dira kontuan oraingo honetan, eta hala, ekainaren 29ra arte, Laborategia aretoan Herri musikaren artisauak izeneko erakusketa ikusgai izango da.
Erakusketak ofizioa ezagutarazi eta musika-tresnen biziraupenean eta garapenean egindako ekarpenak erakutsiko ditu, baita tresna horien eraikuntza prozesuak ere. Musika-tresna ezberdinak hurbiletik ikusteko parada egongo da, hala nola, txistua, xirula, alboka, dultzaina, txalaparta eta perkusio instrumentuak.
Erakusketa honek “gure herri-musikan garapen bereziena izan duten soinu-tresnetan eta horien artisau egileetan jartzen du begirada: txistua, alboka, dultzaina, txalaparta… Hautatutako soinu-tresnak transmisio kate luze baten ondorioa dira, eta azken mendean artisauen eskutik etorri diren ekarpenak eta garapen teknikoak erakusten dituzte: material berrien hautaketa, lanerako tresnen garapena, hots eta afinazioaren hobekuntza, tresnen tesitura zabaltzearen ondorioz musika erabilera aukerak handitzea…Ekarpen horiek ahalbidetu dute, neurri handi batean, soinu-tresna horiek garai berrietara egokitzea, tradizioa bizirik mantenduz.”
Ofizio hau hobeto ezagutzeko museoak erakustaldiak, hitzaldiak, kontzertuak eta haur eta familientzako tailerrak antolatu ditu. Adibidez, bihar, hilak 15, Tradizioaren biziberritzea izenburupean, Juan Mari Beltran, Ibon Koteron, eta Harkaitz Martínez de San Vicente adituek mintzaldia eskainiko dute.
Informazio gehiagorako: San Telmo Museoa