MUSIKA

Abiadura handiko Zeke talde estatubatuarrak Donostian joko du bihar

Seattle hiriko Zeke banda basatiak Donostiako Dabadaba aretoan joko du larunbatean. Taldeak Hellbender (Relapse Records) izenburuko lan berria aurkeztuko du. Estatubatuarrek abiadura handiko rock jotzen dute, Motorheadek eta Poison Ideak bat egingo balute bezala. Emanaldian Donostiako Snobs eta Arrasateko Crap taldeek ere parte hartuko dute. Red Ribbon Music kontzertuaren promotorearen aburuz, “hemen ditugu speed-rockaren benetako erregeak”.

Zeke 1992an eratu zen Seattle hirian. Hardcore-punk talde bat izanagatik ere, bere jario oldarkor eta azkarrean rock gogorraren eta, tarteka, blues-rockaren eraginak nabaritzen dira. Hori dela eta, sarritan Motorhead talde britainiarrarekin alderatuak izan dira estatubatuarrak.

Taldea eratu zen urtean, hain justu, estreinako singlea argitaratu zuten, West Seattle Acid Party, eta 1998, Epitaph Records diskoetxe ezagunarekin sinatu zuten. Egun, Relapse Records zigiluaren markarekin argitaratzen ditu diskoak Zekek.

Aurten, Hellbender izenburuko lana plazaratu dute estatubatuarrek, ‘Til the Livin’ End diskoa argitaratu eta hamahiru urtera; tarte luze horretan, halere, single batzuk argitaratu dituzte. Egun, hauexek osatzen dute taldea: Blind Marky Felchtone, taldearen sortzaileetako bat, abeslaria eta gitarra-jotzailea; Kyle Whitefoot, gitarra-jotzailea; Kurt Kolfelt jatorrizko formazioan ere jotzen zuen baxu-jotzailea eta Dayne Porras bateria-jotzailea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button