Azkue Fundazioak antolatzen duen Banden Lehiako 10. edizioko lau finalistak iragarri dituzte: Belatz, Dekot, Zizel eta Nau. Guztira 14 taldek eman dute izena 10. edizioan, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, estilo aniztasuna nagusitu da.
Antolatzaileen arabera, “Hamargarren edizio honetan aniztasuna nagusi izan da, bai jatorri aldetik eta bai musika estilo aldetik ere. Lehenengoari erreparatuz, Hego Euskal Herriko taldeez gain, aurten ere, iparraldeko talde batek eman du izena. Eta estiloari erreparatuz, anitza izan da aurkeztutako taldeek jotzen duten musika: rock, folk, industrial, metal, alternative punk, pop, country,…”.
Hala, Belatz taldea izan da boto gehien jaso dituena, 8.820; epaimahaiak, berriz, beste hirurak hautatu ditu: Maruri-Jatabeko Dekot, Azkoitiko Zizel eta Donibane-Lezoko Nau.
Lau taldeok zuzeneko finalean arituko dira, azaroaren 17an, Bilborocken aretoan, 17:30ean. Kontzertuen ostean, aurtengo irabazlea iragarriko dute.