
Emigrazioa, generoen arteko ezberdintasuna, gizartearen automatismoa… DSS2016 egitarau barnean antzokirako ikuskizun bat sortu du konpainiak, bertan, parte hartu zuten artista ezberdinen lanak eta Haatikek kalerako sortutako bost pieza laburrak bildu ziren.
“Hormek ez dute ahorik, ez dute mihirik, ez dute begirik, ez dute belarririk; ez dakite hizketan, ez dakite entzuten, baina begiratu egiten digute… Gatozenean hormak bertan daude, eta goazenean bertan gelditzen dira. Hormek denbora dutelako, aldian behin margotu arren, pintura zaharraren gainean berria jarri arren, hor jarraitzen dute. Begira, ikusiko ez balute bezala, entzungo ez balute bezala, bizitzarik ez balute bezala. Horma batzuek babesten gaituzte, beste batzuek ordea banatzen edo bakartzen. Badira hormak edertzen dituzten margoak, badira kexatzeko balio dutenak, gertaerak gogorazten dizkigutenak, haien berri ematen digutenak. Badira famatuak egiten direnak eta badira ere oharkabean zeharkatzen ditugunak”.
Ikusgarria, Victoria Eugenia Antzokian aholtzaratuko da otsailaren 2an, 20:00etan.
Informazio gehiago: Haatik Dantza Konpainia