LITERATURA

Jon Fosse idazlearen lana itzuliko du Jokin Zaitegi Sariketak

Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, urteko Literaturako Nobel saria irabazi duen idazlearen lan bat itzultzeko.

Aurten, Suediako Akademiak Jon Fosse idazle norvegiarrari eman dio Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua idazle horren Trilogien eleberria (hiru eleberri laburrez osatua) itzularaztea da. Lanak aurkezteko epea abenduaren 31ean amaituko da.

Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa horretan. Horretarako, antolatzaileek proposatutako lagina euskaratu beharko du, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera. Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin sinatua; bestean, ezizen horren ostean dagoen itzultzailea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera.

Santi Leonék, Gema Lopez Las Heras eta Juan Mari Mendizabalek aztertuko dituzte lan guztiak eta haietako bat izendatuko dute irabazle 2024ko urtarrila amaitu baino lehen. Irabazleak 4.000 euroko saria irabaziko du Trilogien itzultzeko, eta Elkar etxeak argitaratuko du Jon Fosseren lana euskaraz.

Bestelako xehetasunak: Jokin Zaitegi Sariketa

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button