MUSIKA

Governors taldearen suzko lan berria

Bederatzi urteko ibilbidea egin eta lau disko grabatu ondoren, Governors rock boskote gipuzkoarrak etapa bat itxi du Su Garaian (Baga Biga) zuzeneko CD eta DVDarekin; hain zuzen ere, atzo goizean aurkeztu zuen boskoteak lan berri hori, Bilboko Kafe Antzokian.

Governors bandak garai bat itxi nahi du zuzeneko lan berri horrekin. Hala, 2016an ez dute kontzerturik egingo, baina 2017an kaleratuko den lana idatziko dute. “Zuzenean ikusi nahi gaituzten zaleek diskoa ikusi eta entzun ahalko dute”, esan du Jorger Moro baxu-jotzaileak.

Ikuskizuna maite duen rock banda izaki, Governores-ek zerbait berezi grabatu nahi izan du. Bada, urtarrilaren amaieran Bilboko Santana 27 aretoan sartu eta agertoki zirkular bat muntatu zuten, jarraitzaileengandik ahalik eta gertuen egoteko. “Lana handia izan da azpiegitura guzti hori muntatzea, baina oso tematiak garenez, azkenean lortu genuen”, azaldu zuen Iñigo Zubizarreta gitarra-jotzaileak.

Halaber, sua izan da taldearen zuzenekoetako elementu ikusgarrienetako bat, baina gizartea bera ere sutan sumatzen dute; beraz, diskoari Su Garaia izenburua jartzea erabaki zuten.

Diskoak taldearen ibilbideko 19 kantu biltzen ditu, gehienak bandaren zaleek aukeratuak. Zuzeneko soinua taldearen zuzeneko teknikari Haritz Harreguyk landu du, eta irudiaz Arteman enpresa arduratu da. “Oso pozik gaude emaitzarekin”, nabarmendu zuen atzo JSang abeslariak.

Diskoan, gainera, bi abeslarik parte hartu dute: Naroa Gaintza (Hienaren Irribarrea) eta Zuriñe Delgado (Kristal Kolpatuak). Horretaz gainera, taldekide izandako Aitor Antuejok gitarra jo du hainbat kantutan. “Oraindik ere gurekin jotzen du kontzertuetan, gitarra jotzaileetako batek ezin duenean”, azaldu zuen Heloy Galan bateria-jotzaileak.

Zuzeneko lan berri hori asteburu honetan aurkeztuko dute Ondarruko Bekoizini aretoan, eta Otxandioko plazan, apirilaren 17 eta 18an, hurrenez hurren.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button