MUSIKA

Betagarrik 23 kantuko disko bikoitza aurkeztu du

Gasteizko talde ezagunak Zorion Argiak (Elkar) izeneko lan bikoitza aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Taldeak 2013. urtean 20 urteko ibilbidea beteko du, eta lan berri hau data bezeri hori ospatzera dator; 20 urte horietan, gainera, 1.000 kontzertu inguru egin ditu Betagarrik.

Izan ere, grabazioa bera kolaborazio bereziekin josita dator: 23 kantuetatik 11 taldekoak ez diren 11 “lagun, kolaboratzaile, abeslarik” kantatu dute, hala nola, Tonino Carotone, Soziedad Alkoholikako Juan, Gari, Doctor Deseoko Gari, eta Virgininia De La Casa, “guztiak lagunak dira, 20 urteko bide honetan eginiko lagunak”, esan du Inaki Ortiz de Billalba taldearen kantariak.

Hiru urteko emaitza dira 23 kantu hauek, lokalean (Gasteiz) eta Elkarren estudioetan grabatuak (Donostia), eta doinuak behin eginda etorri dira kolaborazioak, inor behartu gabe. Gainera, kasu gehienetan gonbidatuek euren esparrura eraman dute kantua. “Garik, esate baterako, melodiak aldatu zituen, Drogasek ere (Barricada eta Txarrena) gauzak aldatu zituen”, azaldu du abeslariak.

Kantuen sonoritateari dagokionez, ohiko ska, reggaea eta rocka dira estilo nagusiak. “Denetarik dago, erritmo biziagoak, motelagoak, baina gure zigilu den kutsu alaiarekin”, nabarmendu du Ortiz de Billalbak.

Iraupen luzeko bederatzigarren lan honetako hitzetan egunerokotasuneko kontuak, maitasuna, azaro sozio-politikoak, eta bestelako gauzen gaineko ikuspuntu ezberdinak jorratzen dira. Izenburuan, berriz, Euskal Herriak bizi duen egoera “baikor eta itxaropentsua” aipatu nahi izan dute, “zorion argi horiek, helburu zuzena lortzeko gidariak izan daitezen”.

Kontzertuak

Hogei urteko bidearen harira, taldeko abeslariak garbi utzi du taldekideen arteko kohesioa eta ulermena ezinbestekoak izan direla. “Guretzat hemen egotea garaipena da, hasi ginenean ez genuen honelakorik imajinatzen”. Alabaina, azaldu du eszenatokiko magia desagertzen denean taldea utzi egingo dutela. Etorkizunera begira, berriz, zalantzati agertu dira. Halere, hurrengo bi-hiru urteak disko berri bat prestatzen eta jotzen emango dituzte. Hasteko, azaroaren 11n, Ahetzen izango dira lan berria aurkezten, eta 16an, Andoainen.

Abenduari dagokionez, 8an Durangon izango dira, 28an Donostian, eta, azkenik, 2013ko urtarrilaren 4an Gasteizen. Kontzertuotan diskoan parte hartu duen kolaboratzaileren bat ager daitekeela iragarri dute; dena dela, ez dutela ezer prestatuta azpimarratu dute, ezta 20. urteurrena ospatzeko ere, oraingoz.

Abenduaren 14an, gainera, emanaldi berezia egingo dute: lokalean bertan, 45 minutu inguruko zuzenekoa egingo dute eta Internet bidez zabaldu. Horretaz gainera, kantuen artean zaleekin hitz egingo dute sare sozialen bitartez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button