Asteburu honetan, hilak 17 eta 18, Takoiak airean izeneko ikuskizuna ikusi ahalko da Donostiako Egia auzoko Gazteszenan, 20:00etan.
Maider Yabarren zuzentzen duen Buruz Behera Zirku eta Antzerki Konpainiaren obra da eta taldearen izenak berak azaltzen duenez, zirkua eta antzerkia uztartzen ditu.
Antzezlanak Claudiaren istorioa kontatzen du. Ostegunero parkera doa Claudia ezagutzen ez duen norbaitekin hitzordua baitauka. Ostegunero gertatu ohi zaionez, bakarrik itzuliko da etxera, bere bakardadearen konpainiarekin.
Ostegun honetan baina, hamaika ezusteko aurkituko ditu bidean, hala nola, trapezioak eta aire-oihalak. Horiei esker, bere irudimena piztuko da eta biziko dituen sentimendu berriei esker, sinesmen zaharrak eta ezertarako ez diren objektuak abandonatuko ditu.
Horrela deskubrituko du ez dela hegorik behar hegan egiteko, ezta takoirik ere ibiltzeko.



