ESZENA

Nano-antzerkiaren jardunaldiak amaitzear

Gaur amaituko dira Iruñeko Karrikiri elkartean Nano-antzerkiaren jardunaldiak Laura Peganosek egingo duen Putaren Bakarrizketa Eroetxean lanarekin.

Antolatzaileek adierazi zuten bezala, “Nano-antzerki ziklo honen ametsa Karrikiri elkarteak antzerki munduari atetxo bat zabaltzea da, espero dezagun zuek ere guk bezainbeste gozatuko duzuela. Hortaz, datozen egunetan, irri eta negar egiteko, hausnartzeko eta hementxe bertan idazten eta taularatzen diren kalitatezko antzerki lanez gozatzeko aukera izanen dugu.”

Lehen saioan Oier Guillanek egin zuen VHS izeneko pieza; martxoaren 23an, Idoia Tapiak Ludus lana egin zuen; Gontzal Uribe martxoaren 30an izan zen han, Prospectus Vitae obrarekin; eta diogun moduan, gaur, apirilaren 4an, Laura Peganosek Putaren Bakarrizketa Eroetxean lana egingo du.

Baina zergatik Nano? “Karrikirin ez da kabitzen Grezia klasikoko tragikomediarik, ezta Metropolitan Operako antzezlanik ere. Tira, nor engainatu nahi dugu? Gure Karrikiri xumean ez da kabitzen ezta Poltsiko antzerkirik ere. Gurea Nano-antzerkia izanen da, ala ez da izanen. Baina, pausu irmoz dator nano-eztanda, eta dardara ederra eraginen du, gure inguruko aktore eta artisten eskutik baitator. Gure nano-antzerkia bertakoa, euskalduna, probokatzailea, aberatsa eta ausarta izanen da. Nano-antzerki sail honek gaurkotasunez zipriztindutako istorio anitzak publiko ororengana helaraztea du xede.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button