Gaur hasiko dira Eako Poesia Egunak Arestiren Zuzenbide Debekatua izenburua duen ekitaldiarekin. Batetik, Fito Rodriguezek eta Karmelo Landak hitzaldia egingo dute, -Gorka Arrese Susako argitaletxeko editorea gidari lanetan arituko da-, eta bestetik, Oier Guillan eta Asier Sarasola errezitaldiaz arduratuko dira. Ekitaldia udaletxean izango da, 19:30ean. Aurtengo edizioa zortzigarrena izango da eta poesia modernoari eskainia dago; Berban gora iturria. Poesia modernoaren bideetan lelopean egingo dira.
Bihar egitarauaren zatirik nagusiena izango da. Izan ere, hitzaldiak, errezitaldiak, kontzertuak eta irrati-performancea atondu dituzte. Ekitaldi hibrido horretan, Maialen Lujanbio bertsolariak eta Xabier Erkizia musikariak parte hartuko dute 23:00etan herriko frontoiaren atzean Txori Mugariak titulupean.
Ekitaldi horrekin zapatuko programa amaituko da, baina aurretik hainbat kontu izango dira. Hasteko, 10:30ean, Beñat Sarasolak Harrietatik anfetaminetara: 20 urte euskal poesian hitzaldia emango du; Miren Agur Meabek errezitaldia egingo du Ibone Ibazeta musikariaren laguntzarekin, 13:00etan, eta 15:00ak bueltan herri bazkaria izango da.
Arratsaldean, berriz, Joseba Tapia musikariak Eta tira eta tunba emanaldia eskainiko du 18:00etan, eta gau partean, 22:00etan, errezitaldia egingo dute Poemen bizi-harian izenburupean. Ekitaldi horretan Jon Benitok, Mikel Etxaburuk, Elena Medelek eta Karmele Igartuak (in memoriam) parte hartuko dute; musika ere izango da The Soulstompers taldearen eskutik.
Etzi, hilak 17, beste hiru hitzordu izango dira: Elena Medel hizlariak Txindurriak eta arrosak: nire poetikaren bila, bost emakume poetaren bitartez izenburuko hitzaldia zuzenduko du, 11:00etan; kantaldia, Esperantzaz haziak, Maddi Oihenarten eskutik, 13:00etan; eta arratsalde partean errezitaldi antzeztua eta musikatua, Zer egin poema batekin, Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktoreekin.
Egitarauaren xehetasun gehiago hemen.