LITERATURA

“Arotitzak” bildu ditu Kepa Diegez adituak

Kepa Diegez Euskal Filologoak eta Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketetan doktoreak Eguraldiaren euskara. Aro-bidaia Euskal Herrian barrena (Alberdania) lana argitaratu du.

Euskal Herriko herrialde guztietan gaindi ibili da, Getxon hasi, oraindik jatorrizko hizkera gordetzen duen Bizkaiko herria, mendebalderenean kokatua, eta Eskiulan bukatu, Euskal Herritik kanpoko herri euskalduna, Biarno aldean. Elkargune ugari erabili ditu herritar eta adituekin aroaren hitzez jarduteko: kultur etxeak, udaletxeak, euskaltegiak, euskara-elkarteak, tabernak, elizak, parkeak… edozein toki eder zaio aro-bidaiariari herritar eta adituekin ihardukitzeko, eguneroko solasaldietan erabiltzen diren arotitzak –eguraldiari buruzko hitzak– bildu nahian, eta maiz, hitzak ez ezik, esapideak, atsotitzak eta mundua ulertzeko erak entzun eta jasoko ditu.
“Saiakera nobelatua da, xedea erakutsi, azaldu eta irakastea baitu, baina eleberritik, kontakizunetik ere badauka, fikziozko eta benetako pertsonaiak bidaia guztian zehar, han-hemenka, agertzen dira-eta. Jakina, hunkigarriena, liburua hasieratik amaitu arte irakurtzea da, baina irakurleak aukeran du zuzen-zuzenean herri edo eskualde batera jotzea, zein ele erabiltzen diren ikasteko, edota bidaian barrena agerturiko hitz guztien aurkibideaz baliatu, non erabiltzen diren begiratu eta testuingurua irakurtzeko. (…)
Arotitzak biltzea du xede eta nahi, eguraldiari uztarturiko berbak, magikoak eta enigmatikoak baitira, gure kulturaren ikurra. Aro-bidaiariak asmo garbi hori dauka hasiera-hasieratik, bera ere magiko baita, mitologikoa, baina ez daki nola garatuko den eta zer amaiera izango duen: bidaiak berak irakatsiko dio, aurrera joatearen joateaz zer egin, nola jokatu, zer erabaki: “Gogozko aro -bidaian, aro-aldaparik ez”.

Kepa Diegez (Bilbo, 1960). Informazio Zientzietan lizentziaduna EHUn eta Euskal Filologian Deustukoan, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketetan doktorea ere bada (EHU). Eguraldiari lotutako ikerlan, artikulu, liburu eta hitzaldi ugari ondu ditu, besteak beste: Etnometeorologiari buruzko euskal hiztegia egiteko oinarriak eta osagaiak, edota Eguraldia eta kultura euskaldunen artean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button