
Bertsoaroak bertso zikloaren barruan (azaroaren 9tik abenduaren 2ra), gaur emanaldi berezia izango da Iruñeko Civivox Kondestablearen Jauregiko Patioan, 19:00etatik aurrera: Kafkaren aulkia.
Andoni Egaña eta Uxue Alberdi bilduko dira oholtza gainean, Pello Ramirez musikariarekin, Iñigo Astiz idazleak sortutako errelatoari erantzuteko prest. Antolatzaileen arabera, “jardun inprobisatuak, beraz, kolorea, atmosfera eta kanpo-begirada erantsiko dio kontakizunari. Pertsonaia literarioen ahotik zein euren ahots propiotik kantatuko dute bertsolariek, Pello Ramirezen txelo eta akordeoi doinuek girotuta”.
Bestsoaroak hainbat hitzordu programatu ditu: bertsolarien ezagunen saioak, bertsolarien belaunaldi gazteen saioak, ikus-entzunezkoak, rock kontzertu bat, haurrendako antzerki-saio bat, eta Bertsolari Txapelketa Nagusiaren azken finalerdia, Anaitasuna pabilioian, besteak beste.