ARTEA

Koke Martínez artistaren surrealismoa ikusgai

Espainiako Guda Zibilean Euskal Herritik Britainia Handira ebakuatu zituzten gerrako haurretako bat izan zen Koke, eta agian horrek, misteriotsu, onirikoa, surrealista eta primitibismoak jota bilakatu zuen, izan ere, horrelakoa da José María Koke Martínezen pintura-obra.
Orain bere margolanik ederrenak ikusteko parada egongo da martxoan, Bilbao Bizkaia Aretoko Chillida eta Axular aretoetan; apirilean, Gasteizeko Unibertsitate Pabilioiko erakusketa-gelan; eta maiatzean, Donostiako Carlos Santamaria Zentroko Andrestegi aretoan.

Britainia Handiko erbestean, Federico García Lorcaren lagun-mina izandako José Estruch izan zuen irakasle. Bere eragina nabaria da Kokeren lanetan, eta baita surrealismo ingelesarena ere.
Landu zituen gaien artean behin eta berriro agertzen dira aurpegi ugari dituzten buruak edo gizakia eta animalien arteko harremanean sakontzeko desioa. Eta ez dira falta Darwin, Churchill edo On Kixote bezalako pertsonaien erreferentziak eta kultura hispanikoari aipamenak.

20 urte besterik ez zituela, Koke Martínezek bere lehen erakusketa egin zuen, Londresko Archer Gallery-n. Hortik aurrera, bere obra nazioarte mailan izan da ikusgai eta lan gehienak, gaur egun, bildumazale pribatuen esku daude Japonia, Italia, Frantzia, Estatu Batuak, Espainia edo Hego Amerikatako hainbat herrialdetan.

2012 urtearen erdialdera eta bere testamentuaren betearazleen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateak dohaintzan jaso zituen Kokeren 200 lan baino gehiago, tartean mihiseak, marrazkiak eta posterrak. Erakusketa honetan horietako batzuk ikus daitezke.

Beste aldetik The Basque Children of ’37 lemapean, Espainiako Guda Zibilean, Euskal Herritik Britainia Handira 4.000 haur bidali zireneko hura ikusta daiteke. Habana itsasontzira igo ziren Santurtziko portuan eta, egun bi geroago Southamptonen (Inglaterra) atrakatu zuten. Haur horien artean José María Koke Martínez zegoen. Beraien familietatik aldenduta, mundu berri eta ezezagun bati egin behar izan zioten aurre.

2002ko azaroan, gerrako haur haiek eta beraien ondorengoek The Basque Children of ’37 Association elkartea sortu zuten. Horrela, gerratik ihesean joan ziren haurrek bizi izan zuten aparteko historiaren material guztia biltzea, katalogatzea eta artxibatzea lortuko zen.

Elkarteko kide gogotsu eta langileenetako bat izan zen Koke Martínez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button