LITERATURA

“Saski Naski, sorkuntza artistikoen otzara” izeneko ziklo berria Oihanederren

Gasteizeko Oihanederren kultura sustatzaile porrokatuak daude eta oraingo honetan beste ekimen interesgarri batekin datoz. Hilean behin, igande arratsaldetan, diziplina anitzetako euskarazko ikuskizunak izango dira Euskararen Etxean Saski Naski, sorkuntza artistikoen otzara izeneko ziklo berriarekin, izan ere, Oihanederren oinarrizko asmoetako bat euskal sortzaileei beren lanak ezagutarazteko plaza eskaintzea da.

Igande honetan, otsailaren 19an, izango da lehen hitzordua Orain hilak ditugu ikuskizun literarioarekin. Bertan, Karmele Jaio, Triku Villabella, Aitor Agirre eta Ander Elorza bilduko dira. Martxoaren 19an Xabier Montoia idazle eta musikariaren txanda izango da. Ez da ohiko kontzertua izango, Bilbo aldean abian jarritako Izar & Star VII egitasmoarekin bat egingo duen musikaldia baizik. Xabier Montoia VS No english, please izeneko ikuskizunean ingelesa ez den beste 8 hizkuntzatan abestuko dituzte hainbat bertsio; katalanez, italieraz, frantsesez, galegoz, alemanez… Xabier Montoiaren abesti propioak, Caetano Veloso, Maria del Mar Bonet, Kurt Weill eta beste batzuen kantekin tartekatuko dituzte Xabierrek berak, Ibon Rodriguezek eta Itziar Lertxundik.

Apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin  bat eginez eta Galtzagorri haur eta gazte literaturako elkartearekin hiru ilustratzaile bilduko dira Elena Odriozola, Maite Gurrutxaga eta Helena Azkarragaurizar.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button