
DanZalava arte eszenikoei zuzendutako proiektuaren aurtengo edizioaren barruan, Katy Duck izango da protagonista, uztailaren 5ean, Cage/Kaiola dantza-pieza musikatuaren tailerrarekin.
Bertan, emozioak askatzeko dugun gizarte-trebetasun ezak gure burua nola mugatzen duen aztertzen da. Antolatzaileen esanetan, “emakume-gogo baten jakin-minetik mintzo da artista Cage pertsonaian hezurmamituta, ar/eme bereizketarik sortu gabe”.
Hala, iluntzeko 20:00etatik aurrera, Gasteizko Artiumeko Ekialde-goikoa Aretoan ikusi ahalko da Katie Ducken obra musikatua, eta bere ondoan izango dira,Zuriñe Benavente eta Ignacio Monterrubio, Altraste Danza konpainiako kideak.
DanZalava arte eszenikoen proposamenak diziplina honetako profesionalen prestakuntza eta formazioan laguntzea bilatzen du, eta horretarako, urte osoan zehar egitaraua oparoa antolatu du. Izan ere, mugimendu edota korronte berrietan arreta jarri nahi izan da aurten eta lantegiak, topaketak, koreografia tailerrak edota sormen laborategiak ondu dira.
Honetarako nazioartean erreferenteak diren irakasle prestigiotsuak izan dituzte lagun ikastaro trinko eta lantegietan, esaterako, Guillermo Weickert, Victoria P. Miranda, Daniel Abreu, Iñaki Azpillaga, Idoia Zabaleta, Mala Kline, Agostina D´Alessandro, Mónica Valenciano, Maria Muñoz, Pep Ramis, Mark Tompkins eta Katie Duck bera.
Urtarrilean hasitako egitarauari jarraipena emango dio ostiralean Katie Duckek, eta irailean Jeremy Wade artistaren txanda izango da, Articulating desorientation tailerrarekin. Azaroan aldiz, Monica Garcia izango da irakasle lanetan, Re-articularse lantegiarekin. Eta abenduan emango zaio amaiera aurtengo edizioari, Txubio Fernandez de Jauregi gasteiztarrak emango duen El paseo lantegiarekin.
Informazio gehiagorako, sartu Artiumek duen web atarira.