BESTELAKOAK

BLV-Art programan ikuskizun eta arte adierazpen mordoa

Bilbo Zaharra zonaldea, hiriko artearen erreferentzia izango da irailaren 26tik urriaren 5era, BLV-ART ekimenaren egitarau zabalarekin eta denetariko kultur proposamenekin.

Jarduerak ostegunean, irailaren 26an, hasiko dira, Hanselen eta Gretelen ipuinean oinarritutako Gaitzerdi Teatro taldearen Suz lanaren emanaldiarekin.

Beste aldetik, irailaren 27an Michael Grudziecki artista alemanak egindako horma-irudia inauguratuko da BilbaoArteren atzealdeko patioan. Grudzieckik arkitekturan, inmigrazioan eta horien inguruko elkarrekintzetan ardazten du bere lana. Egun berean, Haatik konpainiak, Aiert Beobideren eta Unai Elizasuren zuzendaritzapean, Errimak oinetan eskainiko du. 20:30ean, Berreginen Museoan eskainiko den emanaldian bertsoa eta dantza elkartuko dira.

Martzanako Kaia, Karpintería de Histeria eta Nevipeneko bulegoak izango dira Performart-en eszenatokiak, eta bertan Claudia Bucherren, Rafael Metlikovezen eta Primitivo Performance Club-aren (Alvaro Terrones eta Santiago Lopez) performance lanak ikusi ahal izango dira.

Dokuart sekzio berria ere badator, dokumentalaren bitartez aurreko edizioak ezagutzeko aukera eskainiz eta jada egitarauan klasikoa den film laburren sekzioak lagunduta aurtengo edizioaren kontakizuna eskainiz. 

Programatutako beste ekimen bat Arty Walks–Arte Zirkuitoa da. Bertan, bisita interaktiboak eta parte hartzaileak egingo dira, euskaraz eta gaztelaniaz, Bilbo Zaharreko erakusketa espazioetara.

BLV-ART 2013 urriaren 5ean, larunbatean, amaituko da, Yellow Big Machine, Undécimo Mandamiento eta Bolkete taldeek eskainiko duten musika kontzertuarekin.

Informazio guztia hemen begiratu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button