Getxoko Muxikebarri aretoak Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Bosteko 2024 erakusketa ibiltaria ikusgai izango da hilaren 24ra arte. Erakusketak Karratu beltza leuna izena darama, eta bertan “formak, materialak eta argiak elkarlanean aritzen dira, emozio berriak pizteko.”
Karratu Beltz Leuna hiru emakume artistaren proposamena da: Maider Aldasoro (eskultura eta ikus-entzunezko pieza), Leire Lacunza (argi-instalazioa), eta Natalia Suarez Ortiz de Zarate (pintura).
Bere lanek “erakusketaren inguruko hausnarketa egitera gonbidatzen dute, zentzuzko judizioa aldi baterako eteten duen arreta-modu berezi bat aktibatzeko gai den interfaze gisa. Arrazoimenaren parentesi horretan esperientzia pertzeptibo, haragizko eta afektiboa agertzen da, orain errepresentatzen dena jasotzen duena, kasu honetan artelana. Erakusketak espazio esekian murgiltzea proposatzen du, objektu artistikoari modu berrituan begiratzeko eta, hortik, galdera hau egiteko: Zer bitxikeria daude formaren atzean?”
Muxikebarri aretoak erakusketaren bisita gidatua eskainiko du azaroaren 14an, 19:00etan. Eta, azaroaren 22an (19:30ean) Santa Eugenia plazan, Leire Lacunzak performance bat eskainiko du.
Erakusketak Leioan hasi zuen bere bidea, eta Amorebieta-Etxanotik pasatu eta gero, Getxon egongo da orain. Gero, Arrigorriaga (azaroaren 28tik abenduaren 18ra), eta Basauri, abenduaren 23tik urtarrilaren 19ra) bisitatuko ditu.