LITERATURA

Fernando Palazuelos eta Nerea Balda, “Ramiro Pinilla” lehiaketaren saridunak

Getxoko Ramiro Pinilla Sariak,  eleberri laburren lehiaketaren I. deialdiak ba ditu dagoeneko saridunak.  Hala, Fernando Pazuelosek gaztelaniazkoa, eta Nerea Baldak euskarazkoaren lehen sariak eskuratu dituzte “Llamadme Žula” eta “Atzerrian, abroad, á l’etranger, all’estero” lanekin, hurrenez hurren. Eta Marina Gonzalez Prada gazteak “Txiki Baskardo” haur kontakizunen lehiaketa irabazi du.

Getxoko Kultur Etxeak bultzatutako ekimenak,  lehen edizio honetan, Felipe Juaristi Galdos eta Laura Mintegi idazleak, eta Lucia Martinez Odriozola kazetariak osatu dute epaimahaia. Pozik agertu dira antolatzaileak literatura zaleen artean lehenengo deialdiak eduki duen “harrera oso ona” ikusita. Hala, sormen literarioa bultzatu eta idazle getxotar ospetsuaren memoria babestea helburu duen sariketan, guztira, 123 lan aurkeztu dira; “horietatik, 23 egile getxotarrenak dira eta, gainerakoak, ia estatu osotik bidalitako idazkiak”. Irabazleek 6.000 euroko sari bana jaso dute.

Fernando Palazuelos  Getek (Bilbo, 1965),   Václav Havel olerkari eta antzerkigile txekiarraren espetxeratzearen kontakizuna ekarri digu estilo zaindu eta landuan,  eta epaimahairen esanetan,  “askatasunekiko konpromisoa, koherentzia pertsonala eta zuzentasun moralari buruzko gogoeta interesgarri  islatu du”.

Pazuelosek  narratiba, poesia eta antzerkia landu ditu hainbat lanetan eta horien artean “La trastienda azul”, “Papeles de penumbra”, “Las manos del Ángel”, “Pura chatarra”, “Funámbulos ciegos” eta Vasconia intangible izeneko saga, besteak beste. Bere azken eleberria “Años de niebla” da eta bere jardueran zehar zenbait sari irabazi ditu, esaterako Torrente Ballester Saria eta Vicente Blasco Ibáñez Narratiba Saria.

Nerea Balda Sanjuan (Irurtzun, 1975)  idazleak berriz, erbesteratzearen inguruko sentimenduak dakartza atzerrian bizitzera joan den emakume baten gogoetez bitartez. Bertan, etxetik urrun egoteak eragiten dituen hutsunea irudikatu du,  “eta emozio horiek gaztaroari lotuta egon arren, nostalgiatik haratago doan estilo zalua erabili du”,  epaimahairen  ustez. Euskal Filologian lizentziaduna, irakasle da Altsasuko BHI-n eta Iruñeko Udalak bultzatutako Euskarazko Sortzaile Berrien Literatura Lehiaketan 3. saria lortu du aurten.

Azkenik, Marina González Prada Getxoko Caro Baroja BHI-ko DBH-ko ikasle gazteak, egunkari eran idatzitako Alzheimerren gaixotasunari buruzko kontakizunarekin, Txiki Baskardo” haurrentzako lehiaketaren lehen saria irabazi du. Sariketan, Caro Baroja eta Artaza-Romo Bigarren Hezkuntzako Institutuak eta Santísima Trinidad Madre del Divino Pastor ikastetxeak DBH-ko ikaslek parte hartu dute.

http://www.getxo.eus/eu/aula-de-cultura/noticias/312

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button