MUSIKA

Gaizka Peñafiel trikitilariak pop diskoa plazaratu du

Gaizka Peñafiel (Lezama, 1985) trikitilariak gaur goizean aurkeztu du Bilbon Lagunartean (Baga Biga) bere bigarren diskoa. Musikari bizkaitarraren esanetan, triki irakaslea izanagatik ere, pop diskoa argitaratu du.”Trikitilari baino, musikaria naiz”. Edozelan ere, diskoak euskal folkaren ukituak ditu eta trikiak bere protagonismoa dauka. Horretaz gain, publiko mota guztiei zuzenduriko lana dela gaineratu du.”Erraz entzuten diren kantuak dira, eta jorratzen dituen gaiak askotarikoak”. Trikitilariak gitarrarekin eta bere ahotsarekin taxutu du diskoa.

Izan ere, diskoa “bat-batekoa” dela esan du. Nahikoa espontaneoki atera den egitasmo zabala. Iragan maiatzean lagun batek kantu bat eskatu zion Peñafieli. Musika eta hitzak gau batean idatzi eta hurrengo egunean lagunari bidali zion. Lagunak harrituta gelditu zen doinuarekin eta hortik tiraka ganorazko zerbait atera zezakeela nabarmendu zion. Hala, hilabetean zortzi kantu idatzi zituen eta sei hilabetean gaur aurkeztu duen diskoa erditu zen.

Diskoaren kantuak bakardadetik sortu arren, diskoa modu kolektiboan egin du Peñafielek. “Kolaborazioekin eginiko diskoa da, ondorioz ordu asko sartu ditugu estudioan, eta musikari bakoitzak bere ekarpena egin du, bere jotzeko modua utzi du grabazioan, hortik dator diskoaren izenburua”. Hala nola, estudiotik Kepa Junkera eta Xabi Solano igaro dira. Dena dela, Peñafielek bi lagun estimatuen funtsezko laguntza izan du: batetik, Asier Ercilla teknikaria, eta bestetik Beñat Gaztelumendi bertsolaria. “Lehenengoak maketan jaso nituen kantu guztiak txukundu ditu eta bigarrenak, hitzak moldatu ditu, aldaketa gutxi egin dituen arren”. “Dena dago asmatua, baina uste dut poparen eta folkaren arteko konbinazio bitxia lortu dudala”, berretsi du.

Lezamarrak argi utzi nahi izan du lagunarteko proiektua bada ere, ahalik eta disko profesionala egiten saiatu dela. Izan ere, diskoaren alde guztietan parte hartu du, tartean, webgunean, diskoaren diseinuan edo estudioan grabaturiko making off bideoan. Haatik, hasiera hasieratik ondoan izan duen Asier Olazar trikitilari eta lagunari eskaini dio diskoa, diskoaren kantu batean jotzeaz gain, prozesu guztian parte hartu baitu.

Zuzenekoez galdetu diogu musikariari, eta oraindik ez duela ezer pentsatu erantzun digu. “Orain promozioaz eta diskoaz arduratuko naiz; zuzenekoak diskoaren harraren arabera etorriko dira”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button