ARTEA

KREA Bartzelonako Komikiaren Nazioarteko Erakusketan izango da

Araceli de la Horra KREA Adierazpen Garaikideko zuzendariak, eta Oihana Blanco komunikazio-arduradunak hitzaldia eskainiko dute, KREA proiektu kulturala eta honek komikiaren inguruan dituen lan-ildoak aurkezteko asmoz. KREA eta komikia izenburupean, aurkezpena publikoari zabalik egongo da eta maiatzaren 6an Euskomik standeko ekitaldien aretoan gauzatuko da, 17.00tik 17.30ra bitartean.

Modu honetan, KREAk bere proiektu kulturala eta bederatzigarren artearen inguruan egiten ari den lana ezagutzera emango du. Horretarako, komikiaren inguruko bere proposamen guztiak aurkezteaz gain, bere ekimenei buruzko material informatiboa eskainiko die Komikiaren Nazioarteko Erakusketara bertaratzen direnei. Hauen artean, Komikiaren gida eta KREAk antolatutako hezkuntza ekimen ezberdinei buruzko materiala aurkitzen dira, urtero antolatzen duen Komiki Lehiaketarena, esaterako.

Orain arte KREAk komikiaren arloan bultzatu dituen ekintzen artean, bederatzi eta hamazazpi urte bitarteko gazteei zuzendutako hezkuntza programa nabarmentzen da, sormena eta irudimena sustatzea helburu duena, hain zuzen. Bestetik, Vitoria, en clave de cómic erakusketan egindako kolaborazioa ere aurkeztuko du. Gasteizko Udalak eta Atiza elkarteak antolatuta, erakusketa honek hiriaren eta turisten ikuspegi dibertigarria azaltzen du 16 irudien bidez. Horrez gain, zentroak hemendik gutxira Betoñon kokatuko den KREA Adierazpen Garaikideko egoitza berrian komikiaren inguruan garatuko dituen lan-ildoak ere aurkeztuko ditu.

KREAk bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button