ARTEA

Lurraldeko ekoizpen artistikoaren gainean hausnarketa egiteko xedez

ERTIBIL Bizkaiak lau hamarkada bete ditu, eta lurraldeko ekoizpen artistikoaren gainean hausnarketa egiteko erabiliko da mugarri hori. Hala, hiru hilabetez, hainbat dinamika egingo dira eta horietan belaunaldi desberdinetako artistek parte hartuko dute. Baina Workshop bat ere izango da. Foru espazioan hamar artista hasiberri egongo dira beren sormen prozesuak garatzen, eta 2023ko otsailaren 16an egingo den Workshop-aren azken egunean aurkeztuko dituzte lan horiek.

Marion Cruzak, Abigail Lazkozek eta Elena Mendizabalek ERTIBIL 40ren lehenengo topaketan parte hartuko dute bihar, abenduak 15, Bilboko Rekalde aretoan.

Hortaz, Rekalde aretoa topagunea da otsailera arte, “eraikitzen ari den kontakizuna erakusteko espazio bizia. ERTIBIL 40an ez dira amaitutako lanak erakusten; aitzitik, pentsatzeko prozesuak garatzen ari den toki horretan murgiltzeko aukera ematen die bisitariei.
Rekalde aretora doazenek aretoaren arkeologia ikusi ahal dute, azken urteetako esku-hartze artistikoen hondarrak. Espazioaren itxura proposamenaren hausnarketa artistikoetako bat da, hainbat irakurketa dituzten beste jarduketa batzuen agertoki eta euskarri gisa erabiliko dena. (…)  ERTIBIL 40ek azterketa-esparru propioa sortu nahi duen programa bat proposatzen du, ez hainbeste atzera begirako ikuspegi historiko batetik, baizik eta aktibatzen den eta etorkizunera begira proiektatzen den erreferentzia gisa.”

Burutuko diren topaketa horiek hainbat formatutan egingo dira: tailerra, hitzaldia, eztabaida, aurkezpena, mahai-ingurua eta abar. Saio bakoitzarekin batera, hausnarketa bultzatuko duten beste dinamika batzuk ere izango dira, hala nola soinu entzutea, diapositiben ikustaldi bat, moda desfile bat, kontzertu bat eta performance bat.
Dinamizatzaileen artean honako hauek egongo dira: Marion Cruza, Abigail Lazkoz, Elena Mendizabal, Txuspo Poyo, Jaime Cuenca, Zigor Barayazarra, Ixone Sádaba, Miriam Isasi, Taxio Ardanaz, sraPolaroiska, Naia del Castillo, Gema Intxausti, Nora Aurrekoetxea, Irati Inoriza, Miren Arenzana, consonni, Mikel Onandia eta Maider López.

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako ERTIBIL Bizkaia Ikus-arteen Erakusketak 800 artelan inguru aztertu ditu, lau hamarkada hauetan lurralde osoan azaleratzen ari diren 500 artista baino gehiagoren lanak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button