IKUS-ENTZUN

Koldobika Jauregiren lana “Dantza” erakusketan, Zarautzen

Koldobika Jauregi Telmo Esnalek zuzendutako Dantza (Txintxua) filmaren diseinu artistikoaz arduratu zen. Orain, Zarauzko Sanz Enea Kultur Etxean zabaldu den erakusketan, film horretarako egin duen lan-prozesuaren berri emango du, eta bere ikusmolde artistikotik, estetika tradizionala eta garaikidearen arteko loturaz hausnartuko du, pieza askoren bidez.

Horretarako, martxora bitartean zabalik izango den erakusketak filmerako sortutako 30 jantzi, Jauregiren 70 zirriborro, atrezzoko hainbat elementu, eta hainbat osagarri eta bitxi biltzen ditu. Erakusketa osatzen duten pieza guztiak Koldobika Jauregik berak diseinatu eta sortu zituen, Elena Cajaraville eta Arantxa Ezquerrorekin elkarlanean.

Erakusketa horretan ere,  Xabier Artolak filmaren errodajean egindako 20 argazki ikusiko dira.  Aurkezten diren irudiotan, filmatze saioetarako prestatutako set-etan garatutako koreografia eta eszena ederren berri ematen da, filmaren estetika-paisaiak, koloreak, formak, mugimendua, argia… islatuz. “Argazkiak egitera gonbidatu nindutenean, ez nekien zer aurkituko nuen; zinemaren mundua ez nuen barrutik ezagutzen, eta ez nekien zer nolako egoerak eta aukerak izango nituen argazkiak egiteko. Estreinakora joan nintzelarik, baina, Igartubeitiko argi-itzalen artean dantzarien oin biluziek zurezko zorutik harrotzen zuten hautsaren artean lehen klikak egiten hasi orduko, ernamuindu zen niregan erakusketaren bidez aurkezten dudan proiektu fotografikoa”, aitortu du artistak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button