
Ez da kasualitatea saioa antolatu dute gaur arratsaldean, Bilboko Kafe Antzokian, 19:00etan hasita. Oraingo honetan, bertsotan arituko direnak Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Irune Basagoiti eta Aissa Intxausti, eta bertan ere Aner Peritz eta Libe Goenaga egongo dira musika gobernatzeko.
Ez da kasualitatea saioko bertsolariak eta gai-jartzailea emakumezkoak izaten dira. Izenburuaren zergatia ondo ulertzen da protagonistek adierazitako ondoko lerroetan: “Hortik izenburua, oraindik, zoritxarrez, gizonezkoz osaturiko saioak baino ez baitira kasualitatez izaten. Denok emakumeak izate horretan nahitaez dago intentzio bat. Gure helburua noizbait halako saioak kasualitatez, urteko edozein egunetan eta pentsatu gabe ere irtetea litzateke, baina bitartean intentzio osoz antolatzen dugu Ez da kasualitatea: umorea, jolasa, gogoeta, emakumeon arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartzen dituen saioa”.
2009tik ehundaka Ez da kasualitatea egin dira Euskal Herriko plazetan, hamarnaka emakume bertsolarik kantatu dute haietan eta erreferentziazko emanaldi bilakatu dira bertsozale, bertsolari eta gai-jartzaile feministen artean.