ARTEA

Artea identitateari eta kultura-aniztasunari buruz hausnartzeko

Basauriko Ariz Dorretxean, Marian Davies artistak Origen (Jatorria) izeneko erakusketa jarri du ikusgai martxoaren 14ra arte.

Artistak berak adierazi ditu bere asmo artistikoaren nondik norakoak: “Nire obrekin, jatorrietara itzuli nahi dut: nire nortasuna bilatzen edo harekin berriro elkartzen saiatzen naiz, nolabait. Lan hibridoa da nirea: pinturaren eta eskulturaren artean dago. Gustatzen zait materiarekin jolastea, bolumenak emanez eta pinturarekin zerikusirik ez duten elementuak sartuz. Askotariko elementuak uztartzen ditut, eta, hala, apar-harria eta ehun afrikar koloretsuak elkartzen ditut, nire mihiseei bizia emateko. Materia horiek lurrarekin konektatzeko sentsazioa eragiten didate, nire sustraietara itzultzen naizela sentiarazten didate.
Kolore biziak, berriz, naturaren isla dira, Afrikako koloreena; kolore argitsuak dira, askotariko ñabardurak eta Afrikako argia dituztenak. Batez ere, emakumeak irudikatzen ditut, uste dudalako haiek direla Afrikari eusten dion motorra eta zutabea. Emakume afrikarra goraipatu eta ikusarazi nahi dut, alderdi guztietan.
Nire helburu artistikoa da nire lanek zentzumenak piztea; ukituak, laztanduak izateko gogoa piztu dezatela; haien bidez Afrikako kolorea eta argia transmititzea; hango kultura aberats eta askotarikoen zati bat ezagutarazi ahal izatea.
Nire artea erabiltzen dut identitateari, historiari eta kultura-aniztasunari buruz hausnartzeko eta, hala, Afrikako kulturekiko inklusio eta errespetu handiagoa sustatzeko. Konpromiso sendoa dut handik etorritakoen ahotsei ikusgarritasuna emateko eta ahots horiek ezagutzera emateko, eta horrek azpimarratu egiten du estetikoki inspiratzailea eta kulturalki esanguratsua den artearekiko nire ardura”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button