BESTELAKOAK

Euskarazko soinu-fikzioa “Audiogile Berriak” ekimenean

Audiogile Berriak Tabakalerak eta EITBk bultzatutako ekimena da, euskarazko soinu-fikzioa bultzatzea helburu duena. Horretarako, prestakuntza, denbora, espazioa, laguntza profesionala eta finantza-laguntza eskainiko dizkie aukeratutako sortzaileei gidoiaren garapena lantzeko.

Audiogile Berriak deialdian hautatutako egileak hauek dira: Autopsiak, Xabier Paya Ruizena; Enkantea, Garazi Urkola eta Hodei Arrastoarena; eta Errautsak, Iñaki Cid Larrearena.

Hiru proiektuek 2.000 euroko laguntza jasoko dute gidoiaren garapenean lan egin ahal izateko, eta banakako aholkularitza izango dute, proiektu bakoitzaren esparrura egokitua, Harkaitz Cano idazle eta gidoilariaren eskutik. Prestakuntzako eta gidoia garatzeko trebakuntza saio bereziak ere izango dituzte hainbat aditurekin.

Xabier Payak Autopsiak proposatu du. “Euskal Herriko gorputegi bateko forentsearen grabagailuko bost grabazio. Bost gorpuak ez dira edozein, eta ez dira edonola hil. Forentseak eta gorputegiko laguntzaileak kanpotik eta barrutik behatu beharko dituzte hildakoen gorpuak, baita eurekin agertutako jabetzak ere, heriotza bakoitzaren zergatiaren aztarnen bila.”

Garazi Urkolak eta Hodei Arrastoarenak Enkantea proiektua aurkeztu dute. “Galarreta andereak hainbat pertsona prestigiotsu gonbidatuko ditu bere jauregian ospatuko den enkantera, bertan bere senarrak hil aurretik sortu zuen bitxi preziatuena jarriko da eskuragai: diamante urdinaren lepokoa. Ospakizuna hasi aurretik, ordea, jauregiko argiak itzaltzen dira bat-batean eta kristal bat entzuten da hausten. Argitasuna itzultzean bitxia desagertu dela ikusten dute gonbidatu guztiek. Nor da lapurra? Gonbidatuen artean dagoen Otxoa ikertzailea kasua argitzen saiatuko da.”

Azkenik, Iñaki Cid Larreak Errautsak sortuko du. “Koro, Isa, Nuntxi eta Maite lagunak dira txiki txikiak zirenetik. Gaur egun gutxiago ikusten dute elkar baina elkarrekin duten whatsapp taldeak lau lagunak inoiz baino batuagoak dauzka. Egunero bidaltzen dizkiete mezuak batak besteei eta audioak bidaltzen ikasi dutenetik elkarrekin egongo balira bezala sentitzen dira; izan ere, lau lagunak bakarrik bizi dira eta talde hau bakardadearen aurkako sendagaia bilakatu da.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button