MUSIKA

Berri Txarrak, 20 urte eta disko hirukoitza

Berri Txarrak taldeak 20 urteko ibilbidea bete du aurten. Data esanguratsu horren harira, Denbora da poligrafo bakarra izenburuko lan hirukoitza plazaratu du. Autoedizioaren bidetik, guztira, 20 kantu biltzen ditu.

Egitasmo hirukoitza “aurretik pentsatutako” sormen-prozesu luzea izan da, eta disko bakoitza hiru estiloren inguruan ardazten da: lehena, metalzalea; bigarrena, pop kutsukoa; eta, azkenik, hirugarren hardcore-punk estilokoa. Hori guztia gutxi  balitz, hiru ekoizlerekin egin dute lan. Disko hirukoitza gaur bertan aurkeztu du hirukoteak, Bilboko Kafe Antzokian egindako solasaldian.

Gorka Arbizuren hitzetan, “disko bakoitza estilo baten inguruan egituratu bada ere, guztietan aurrerapausoak nabaritzen dira”. Halere, bigarren diskoa, Ricky Falkner (Standstill, Lory Meyers…) ekoizlearekin Madrilen grabatutako lan popzalea izan da erronka arriskutsuena, baina era berean aberasgarriena . “Estilo aldetik desberdina”, azpimarratu du. Disko horretan, gitarren distortsio gutxitu eta baxua eta bateria nabarmendu dira. “Disko horretako distortsioa hitzetan dago”, azaldu du Galder Izagirrek. Hitzen harira, disko horretakoak “autoerreferentzialak” dira. Pop izpiritua haizatzen badu ere, ukitu iluna duen diskoa da, eta teklatuak ere entzuten dira.

Hirugarren diskoko kantuak, berriz, bigarren pertsonan idatzi ditu Gorkak: kantu zorrotzak eta motzak dira; Bill Stevenson (Black Flag eta Descendentas/ALL hardcore-punk taldeetako bateria-jotzailea) ekoizle estatubatuarrarekin grabatutako kantuak dira, punk-tiroak. “Disko guztiak aurretik jarritako baldintzetatik sortu dira, eta honetan, kantuek ez zutela bi minutu eta erdi baino gehiago iraungo zehaztu genuen”. “Stevensonen sekula entzun ez ditudan ñabardunak entzuten zituen baterian”, azpimarratu du Galder bateria-jotzaileak.

Azkenik, lehenengoa metalzaleena da, eta Ross Robinsonekin grabatu du. Robinsonek Harian (2011) diskoa ere grabatu zuen, eta hirukotearen aburuz, lan ikaragarria egin du ikuspegi psikologikotik. Gorkak, gainera, gaineratu du ahotsetan lan bikaina egin duela, Robinsonek asko sufriarazi duen arren. “Hirurek (ekoizleek) kantuen alde egin dute lana”, nabarmendu du Gorkak. “Kantuen eta taldearen arteko bitartekariak izan dira”, gehitu du Davidek.

Amaitzeko, Galderrek  hitzak azpimarratuko ditu, taldearen ibilbide luzea aipatuz: “Hiruron arteko bizikidetza, musikariek egin zitzaketen apaindurak baino askoz gehiago da”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button