LITERATURA

Euskarazko literatura eta ondarea bat eginik

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskal Herria Museoak euskarazko literaturaren hainbat lan irakurri eta aztertuko ditu horretarako propio eratuko diren Literatura eta ondarea izeneko jardunaldi batzuetan.

Euskarazko lanen zatiak irakurriko dira Gernikako Euskal Herria Museoak antolaturiko hileroko jarduera batean, beti elkarri lotuta egon diren bi elementu batu nahian: literatura eta ondarea. “Testuetan landutako gaiei buruzko eztabaida interesgarriak sortzeaz gain dinamika honek euskarazko irakurzaletasuna bultzatu nahi du. Ondarea beti izan da idazle eta artisten inspirazio-iturri garrantzitsua. Euskarazko literatura oso lotuta dago Euskal Herriko historia, ohitura, sinesmen, leku eta jendearekin”.

Literatura eta ondarea programa otsailaren 18an hasiko da, Kirmen Uriberen Bilbao-NY-Bilbao irakurrita; martxoaren 11n, Toti Martinez de Lezearen Urak dakarrena obraren txanda izango da, eta hilaren 25ean, Miren Agur Meaberen Nola gorde errautsa kolkoan obrarena.
Hurrengo zita apirilaren 22an izango da, eta Bernardo Atxagaren Markak irakurriko da. Maiatzaren 22an, Martha Gellhornen Pazkoa aurreko gaua lana izango da protagonista, kasu honetan Edorta Jimenezek komentatuta eta dinamizatuta. Azkenik, ekainaren 17an, Julen Belamunoren Hotz industriala-Ahaztutako pintoreak lanak itxiko du zikloa.

Diogun bezala saioak hilero eta aurrez aurre egingo dira, eta zenbaitetan lanen egileek topaketan parte hartuko dute, hitzaldi txiki batekin eta ondorengo solasaldiarekin. Hori egingo dute Toti Mtz. de Lezeak, Miren Agur Meabek, Edorta Jimenezek eta Julen Belamunok.

Topaketak arratsaldeko 17:30ean izango dira, eta bertara joateko aldez aurretik hitzordua hartu behar da hil bakoitzaren hasieran 946 255 451 telefonora deituz edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbidera idatziz.

Hortaz, Literatura eta ondarea programarekin “egungo testuinguruari buruz hausnartzera gonbidatzen ditu interesa duten pertsonak kultura inoiz baino beharrezkoagoa den garai honetan.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button