LITERATURA

Euskarazko Irakurle Taldea, Bizkaiko Foru Liburutegian

Datorren ikasturtean irakurle talde osatzeko deialdia egin du Bizkaiko Foru Liburutegiak. Irailaren 22tik abenduaren 15era, Foru Liburutegian bilduko da taldea ostegunero, hainbat liburuz solastatzeko, irakurritakoaz hausnartzeko, analisia egiteko. Eta gainera liburuaren alderdi ugariri erreparatuko zaio: pertsonaiak, narratzailea, argumentua, gaia, gogoetak, mezuak, estiloa, eta abar. Hortaz, jarduerak bi zati izango ditu: batetik, partaide bakoitzak irakurriko du aurretiaz proposatutako liburua, eta bestetik, ostegunetako bileran aztertuko da. Dinamizatzailea Julen Gabiria (Galdakao, 1973) izango da.

Ekimenaren helburuak honakoak dira: argitaratutako euskarazko azken liburuak irakurtzea eta aztertzea; azaleko irakurketatik (soilik plazer hutsa ematen diguna) baino harago joatea eta analisian murgiltzea; ikuspuntuak eta iritziak agertzea, konpartitzea, eta denon artean egindako irakurketa aberastea.

Egingo diren irakurgaiak honakoak izango dira: irailak 22. Gurea falangista zen / Alberto Barandiaran; urriak 6. Ur-marka. Veneziari buruzko saiakera / Joseph Brodsky ; itz. Rikardo Arregi Diaz de Heredia; urriak 20. Azken etxea / Arantxa Urretabizkaia; azaroak 3. Urpean murgildu / Lidia Txukovskaia ; itz. Josu Zabaleta; azaroak 17. Gerezi denbora / Inazio Mujika Iraola; abenduak 1. Ene herri txikia / Gaël Faye ; itz.:Irati Bereau; eta abenduak 15. Mandamentu hipermodernoak / Iñigo Martínez Peña.

Izen-ematea ekainaren 20tik 30era egingo da, eta arin ibili beharko da, izan ere, gehienez 20 pertsona sartuko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button