MUSIKA

Split 77 taldeak bere hirugarren lana argitaratu du sei urtez isilik egon ostean

Lau musikari bilbotarrak izan dira Split 77 izenburuko hirugarren diskoaren aurkezpenean. Aritz Aranburu taldeko gitarra jotzaile eta abeslariaren hitzetan, taldea sei urtez lokalean izan da inkomunikatuta, duela lau urte bateria jotzaile barik gelditu zirelako. Lau bateria probatu ostean, azkenik lortu dute bateria jotzailea egonkorra.

"Disko hau azken sei urteen laburpena da". Hala, lehenengo diskoa, Antenna, ikasketa diskoa izan zen, "konfiantza falta freskotasunarekin ordeztu genuen"; bigarrena, Mentura, baliabide askorekin eginiko lana izan zen, "ate asko ireki zitzaizkigun, lokala aparatuz bete, eta baliabide piloa erabili genuen, bitarteko elektronikoak, loop-ak, teklatuak, guztiak egokiak izan ziren"; eta, azkenik, Split 77, askotariko hamar kantu biltzen dituen lan heterogeneoa. "Kantuak intuizioan oinarritzen dira, eta hemen ere baliabide asko erabili dugu". Diskoa bi zati argitan banatzen da: lehenengoa rock zalea, "organikoa", eta bigarrena "elektronikoa". Banaketa hori "arbitrarioa" izan da.

Sei urteko ikerketa lanaren emaitza da diskoa eta azkenik taldeak bere hizkuntza propioa lortu duela uste du: "jauzi kualitatiboa egin dugu". Horrez gain, diskoa ez dela modernoa nabarmendu dute, nahi genuena egin dugu, gure hizkuntza bildu dugu, eta gure burua onartu dugu". Horrela, lan hau Split 77 kontzeptuaren inguruan eraiki dutela esan dute. Horren isla diskoaren diseinua da, zeinak muturreko minimalismoa erakusten duen: zuria, argia, kasik hizkirik gabekoa. "Kontaminazio gabeko diseinua da, Split 77 hutsa da". Aurreko lan guztiaren deuseztatzea dela nabarmendu du Aranburuk. "Kontzeptua hemen geu gara, eta diskoak biltzen dituen hamar kantu ezberdinak".

Diskoa Noizpop zigiluaren laguntzarekin argitaratu dute eta Jose Lastrarekin grabatu dute Lamiña estudioetan. "Kantuak grabatzeko bitarteko eta denbora asko izan dugu". Fermin Etxegoien kazetari eta idazleak diskoaren promozio orrian adierazi duenez, kantuek honako hauek gogorarazten dute : "Roxy Music eta Kuraia, T-Rex eta OMD, Doctor Deseo eta The Killers". Finean, elektronikarekin jantziriko rock garaikidea.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button