Nontzeberri

“Mamuki” albumak argia ikusi du

2024ko Etxepare sariaren irabazlea izan da Maite Rosendek eta Nerea Ariznabarretak sorturiko Mamuki obra, orain argia ikusi duena (Pamiela).

Beldurrari buruzko album umoretsua da Mamuki. “Gau Beltza da, eta mamuek sustoak eman behar dituzte, ingurumarian ikara eragin beharra daukate. Baina mamu txikia gaixorik dago eta hainbat pertsonaia beldurgarri saiatuko dira hura osatzen edo sendatzen: banpiroa, zonbia… edo geureago ditugun Zakuzahar edo Otsoko, baina alfer-alferrik. Gaixoa! Zer egingo du Mamukik Gau beltza ospatu ezinik…? Etxeko agertoki minimalistan txakur jolastia ere saiatuko da Mamuki sendatzen, baina orduak joan, orduak etorri, munstroak joan, munstroak etorri, ez da konponbiderik inondik ere agertuko. Edo bai…
Narrazioa paralelismoetan eta hitz jokoetan eraikia dago, erritmoa eta errima erabiltzen ditu eta haurrei oso gertukoa eginen zaie; barrea eraginen du ustez beldurra nagusi den kontakizunean. Testua, finean, beldurrari buruzko gogoeta jostagarria bilakatuko da, gertukoa eta goxoa.”

Maite Rosende ilustratzailea 1991ean jaio zen Donostian eta txikia zenetik pinturez inguratuta bizi da. Gaur egun freelance gisa egiten du lan ikus-entzunezko piezen, kartelen eta ilustrazioen enkarguak eginez, bere lan pertsonalak albo batera utzi gabe.
Nerea Ariznabarreta idazlea, narratzailea eta antzerkigilea da. 2003an hasi zen ipuinak kontatzen eta 2008an antzerki-konpainia bat sortu zuen bi lagunekin batera. Esperientziak eta zenbait ikastarok narratzaile gisa trebatu dute eta bestelako ikasketek (gorputz hezkuntza, antzerki fisikoa, clown eta pianoak) istorioak ahotsarekin, keinuarekin, objektuekin eta kantuekin asmatzera eta kontatzera eraman dute.

Exit mobile version