
Oki Moki (Getaria) eta Violets (Bartzelona) taldeek Getariko gaztetxean joko dute igandean, 20:00etatik aurrera. Bikote gipuzkoarrak lo-fi kutsuko garage-punk popzalea jotzen du; katalanek, berriz, hardcore melodikoa.
Violets taldea Sexy Melons, Phatetics eta Blowfuse taldeetan aritutako musikarien egitasmoa da, 2011n eratua. 2013an, estreinako lan homonimoa argitaratu zuten, zeinak Dover, Green Day, The Offspring, Bad Religion eta Ramones taldeen kantuetatik edaten duen. Aurten, halaber, iraupen luzeko bigarren lana plazaratu dute, Maybe This (H-Records). Diskoak emakumezko ahotsek bultzatutako hamar eztanda melodiko biltzen ditu.
Getariko Oki Moki bikoteak Ocean Breeze izenburuko kasetea plazaratu du aurten. Grabazioak bederatzi doinu zikin, baina gozo biltzen ditu, pop-etik zein garage-punk garaikidetik edaten dutenak, betiere, melodia itsaskorrekin jantziak. Honelako hitzak bota dituzte Oki Mokiren harira: “Pop-punk lo-fia. Kantu melodiko zaratatsuak. Hainbat bideo interesgarrien bidez haien kantu batzuk zabaldu eta gero, maiatzaren 1ean bederatzi kantu argitaratu zituzten”.