EZLEKUBAT

Ainara Legardon: “Gora promiskuitatea!”

Ainara Legardonek (Bilbo, 1976) bihar eta etzi, azaroak 16 eta 17, Bilboko Kafe Antzokian egingo den BilboLoop jaialdian parte hartuko du. Musikariak We once wished (Aloud Music / Winslow Lab, 2011) lana aurkeztuko du bere egungo taldearekin. Orain arte argitaratu duen lan rock zaleena izanagatik ere, Legardonek hainbat musika estilo jorratzen ditu, tartean, esperimentala eta inprobisatua.

Bere ibilbidearen zati handiena Madrilen egin arren, Legardon gurera itzuli da, eta erabaki horrekin pozik dagoela baieztatu du. Izan ere, bere aburuz Euskal Herriko musika eszenak une oparoa bizi du. Hala, bertoko makina bat musikarirekin harreman estua izan ez ezik, dagoeneko askotariko egitasmoak ere prestatzen ari da lagun-musikari horiekin.

Dena dela, Legardonen ibilbide musikalean ohikoa izan da lankidetza lana. Hala, bertoko eta kanpoko hamaika musikarirekin egin du lan, Chris Eckman (The Walkabouts, Chris & Carla),Carlos Torero (Radio Futura ohia), eta Gernikako Audiende taldeko partaideak, besteak beste. Horretaz gainera, interes handia dauka autogestioan eta Do It Yourself filosofian.

Nabaria da Legardon geldirik egoten ez dakien musikaria dela: batetik bestera uneoro, rocketik inprobisaziora, ipurterre, jakin-minak gidatua, aseezin, edo berak esango lukeen erara, promiskuitatearen bidetik etengabe.

Bihar, azaroak 16, BilboLoop jaialdian parte hartuko duzu. Zer irizten diozu ezaugarri horiek dituen jaialdiari?

Eskertzekoa da gutaz oroitzea. Kartelak oso itxura ona dauka, eta, jakina, plazera izango da guretzat berriro ere Maika Makovskirekin oholtzan aurkitzea, eta Bilboko ikus-entzuleen aurrean izatea.

Zure ibilbidearen zati handi bat Madrilen egin duzu. Zer sentitzen duzu etxera itzultzean?

Hemen betidanik sentitu naiz oso maitatua eta baloratua, bai musikalki, bai pertsonalki. Iragan udan Madril utzi nuen, eta herrira itzuli naiz. Erabat kokatuta nago etxean, eta pozik erabaki hori hartu dudalako, hiri handira sarritan joango naizen arren, bertan egitasmo musikal ugari mantentzen baititut, eta, jakina, lagun oso onak ere baititut bertan.

Nolako harremana duzu artista eta talde euskaldunekin? Zer iruditzen zaizu egungo Euskal Herriko panorama musikala?

Oso harreman ona daukat hainbat talde eta artista euskaldunekin. Horretaz gainera, asko miresten ditut. Izan ere, euretariko asko nire lagun kutunen artean daude, eta senitartekotzat ere hartzen ditut. Ez hori bakarrik, Bilbora itzultzeko arrazoietako bat ere izan dira, neurri handi batean: Audience, MobyDick, Lisabö, Willis Drummond, Same Old… miresten ditudan guztiak aipatzeko tokirik ez legoke. Lagun musikari horiek, gainera, Euskadiko panorama musikala egun aurki dezakegun eszena bizienetarikoa eta interesgarrienetarikoa egiten dute.

Esparru esperimentalenari dagokionez, hemen kalitatezko eta gogoz beteriko oasia bizi dugu: Bilboko Larraskitun egiten diren saio eta kontzertuak; Berako Ertz jaialdia; Artelekuko Audiolab-era lotuta dauden lagunak; estilo batean edo bestean aritzen diren musikariak, hala nola, Joseba Irazoki eta Mursego. Finean, gozamen izugarria.

Zure azken lana, We once wished (Aloud Music / Winslow Lab, 2011), orain arte argitaratu duzun disko rock zaleena da. Biharko kontzertua disko horren inguruan ardaztuko da? Zeintzuk musikari izango dira zurekin agertokian?

Bai, errepertorio nagusia azken lan horretakoa izango da, kantu zaharren bat, eta berriren bat ere joko dugun arren. Oholtzan, berriz, ondoko musikariekin arituko naiz: Ruben Martinez (Tokyo Sex Destruction, baxua); Hannot mintegia (Audience, ahotsa eta gitarra), eta Hector Bardisa (Flyingpigmatanza, bateria).

Aipaturiko lan horren harira, hedabide espezializatuek sarritan alderatu zaituzte PJ Harvey musikariarekin. Zer irizten diozu konparaketa horri?

Ez dute disko honekin bakarrik egin, aurreko guztiekin ere egin dute, diskoak euren artean nahikoa ezberdinak izanda ere. Laudorioa da, baina konparaketetan errazena eta nabarmenena da, gero Patti Smith etorriko litzateke… Nire aburuz, nire musikan apur bat sakonduz gero, berehala agertzen dira nire ibilbidean garrantzi bera duten beste erreferentzia batzuk, baina jakina, ez ditut aipatuko, nire tranpan eror ez nadin.

Esperimentazioan eta inprobisazioan oinarrituriko egitasmoetan ere parte hartzen duzu. Nola moldatzen zara esparru horietan?

Musika inprobisatuko edota esperimentaleko proiektu eta kolektiboetan aktiboki parte hartzen dut duela zenbait urte. Archipiel ahots bikoteko kidea naiz Alvaro Barriusorekin (Duo Cobra) batera, baita La Criatura boskotekoa ere. Talde horrek inprobisazio askea jorratu ez ezik, partitura grafikoak eta instrukziozkoak ere lantzen ditu. Horiez gainera, maDam kolektiboko kide ere banaiz. Site Specific interbentzioak egiten ditugu, eta hainbat konpositoreren obrak aurkeztu ditugu, tartean, Radu Malfatti, Taylan Susam, Lucio Capece edo John Cage. Azkenik, Musicalibre elkartean ere aritzen naiz. Hortaz, Orquesta FOCO-n ere jotzen dut, zeina Europako inprobisazio orkestra beteranoena den.

Bestalde, Euskadin, laster Bizartegiarekin (Iban Urizar eta Mikel Etxegarai) arituko naiz zuzenean Azkoitiko Matadeixen. Horretaz gainera, Miren Gaztañagarekin inprobisazioan oinarrituriko diziplina anitzeko pieza bat egiten ari naiz: antzerkigintza, musika, performancea… Gora promiskuitatea!

Etorkizunean nora joko duzu?

Batek daki. Helburua beti da eguneroko ikasketa sortuko diren ideia berriei gehitzea; hori bai, identitate propioa galdu gabe.

Uste duzu musikari batek estilo ugari jo beharko lituzkeela, bakarrera mugatu ordez?

Iruditzen zait musikari batek gorputzak eskatzen diona beharko lukeela egin; hau da, estilo bakarrera mugatu bere lana modu erosoan garatzeko modua bada, eta bere helburuekin bat badator; ordea, bestelako esparruetara zabaldu, beti ere, musikariari aberastasun artistiko eta pertsonala badakarkio.

Nire izaera ipurterrea eta kuriosoa da. Hortaz, eroso sentitzen naiz, bai rockaren esparruan, zein musika esperimentalean eta inprobisatuan ikertzen. Estilo horietan egindako lanaren bitartez eskuratzen dudan ikasketa hori, musikari, eta oro har, bizitzari heltzeko moduari gehitzen diot.

Musikari izateaz gain, musika industriaren beste esparru batzuetan ere aritzen zara (hizlari, aholkulari…), zer konta diezagukezu jarduera horren inguruan?

Bada, 2002. urtean autogestioaren bidea hartzea erabaki nuen. Hori dela eta, hainbat kontu ikasi behar izan nituen: araudiak, musika industriaren zirrikituak, ezinbesteko izapideak, eta musikari gehienok ez dakizkigun, edo ez genekizkien, bestelako kontuak.

Hori, 90eko urteetan bilduriko eskarmentuari gehitu behar zaio. Izan ere, garai hartan kontratuek eragindako arazo eta oztopoak izan nituen aurreko proiektu batekin. Horretaz gainera, musika banatzaile batean egin nuen lan, amorruz gorrotatu nuen lana.
Hala, nire ezagupenak horretarako premia zuten talde edo artisten zerbitzura jartzea erabaki nuen, beti ere, nire ikuspuntu apal eta txikitik abiatuta. Duela hamar urte hasi nintzen hitzaldiekin.
Egun, zorionez, gai hauen inguruko informazio asko dago eskuragarri, eta ez da batere bitxia talde batek bere diskoa autoekoiztea. Hortaz, lan gutxiago daukat, baina pozago nago.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button