IKUS-ENTZUN

Lucrecia Martel zinegile argentinarrak hitzaldia emango du gaur Tabakaleran

Donostiako Tabakalerak eta Elías Querejeta Zine-Eskolak Lucrecia Martel zuzendariaren inguruko zikloa ondu dute hil honetan, Fokua programaren baitan. Zikloa hilaren 5ean hasi zen La Ciénaga (2001) filmaren pantailaratzearekin. Gaur, halaber, Lucrecia Martelek hitzaldia emango du, 18:30etik aurrera.

Argentinako zinearen berritzaile eta kultuzko sortzaile da Martel. Horretaz gainera, nazioartean bere bidea egiten ari da, bere lana mundu osoko zine-jaialdietan ikusi baita, tartean, Cannes, Berlin, Venezia, Toronto, New York, Sundance eta Rotterdam. Tabakaleraren arabera, “Berlin txundituta utzi zuen zuzendari gazte eta ezezaguna izatetik kultuzko autore izatera igaro da”.

“Tabakaleran, zinemagilearen karrera errepasatu nahi dugu. (…) Artistaren lana errepasatzea, filmak egiteko bere modu bitxiak berriro txunditu gaitzan. Bere zinemara errenditzea. Bere korronteek eraman gaitzaten uztea, hasiera-hasieratik; egun, munduko zineman, bere presentzia eta zigilua eztabaidaezinak diren honetan”.

Orain arte hiru film egin ditu: La ciénaga (2001), La niña santa (2004) eta La mujer sin cabeza (2008).  Urtarrilaren 26an, baina, Zama (2017) lan berria estreinatuko du, Antonio di Benedetto autorearen izen bereko eleberriaren moldaketa. Otsailaren 3an, hain justu, Selva Almada idazle argentinarrak ondoko hitzaldi-irakurketa egingo du Tabakaleran, 18:30ean: El mono en el remolino. Notas del rodaje de Zama, de Lucrecia Martel. Egun berean, Manuel Abramovich zinegilearen Años luz dokumentala pantailaratuko da, zeinak Zamaren filmazioa jorratzen duen.

Zikloaren baitan izango diren proiekzioen harira, hilaren 13an,  La niña santa (2004) ikusi ahalko da, eta 19an, La mujer sin cabeza (2008).

Informazio gehiago: tabakalera.eu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button